Ibarrola-Gaminde, binaka, eta Itsaso Erasun, lau eta erdian, dira laugarren Plazandreak torneoaren txapeldun berriak, asteleheneko finaletan Goiuzi Zabaleta leitzarraren eta Mendizabalen kontra binaka eta Aldairen kontra, garaipen handiak eskuratuta.
Binakako finalean emozio gutti izan zen, Ibarrola-Gamindek uste baino askoz errazago gainditu baitituzte Zabaleta eta Mendizabal, 22-6ko emaitzarekin. Kontua da, Ibarrolak eta Gamindek estrategia garbi eta egoki bat izateaz gain, bikain asmatu zutela etxetik zekarten ideia hori kantxan islatzen. Lehen pilotakadatik, Uharteko aurrelariak eta Laukizko atzelariak argi zuten egin beharrekoa Zabaleta gainetik pasa eta atzean Nora Mendizabal zigortzea zela eta bikain moldatu ziren lan horietan.
Aukeran, finala azkarregi hautsi zen, 13-0eko partzial batekin, eta lanak pilatu zitzaizkion atzelari andoaindarrak ikaragarri sufritu zuen partida hasiera horretan. Erditik aurrera ere, gauzak ez ziren gehiegi aldatu eta merezitako garaipena eskuratu zuten Ibarrola eta Gamindek.
Erasun nagusi lau eta erdiaren barrenean
Halere, aurtengo Plazandreak saioko protagonista nagusia Itsaso Erasun zizurkildarra izan da. Denbora zeraman atzelari gipuzkoarrak onenen artean bere lekua aldarrikatzen eta bere goia jo duela esan daiteke, bakarka, kaiolako espezialistarik onena den Amaia Aldairi nagusitasunez (18-9) gailenduta. Txapelaz harago, beretzat izan da aurtengo Plazandreak saioko pilotaririk onenenaren saria, baina hortik harago, udazkenean jokatuko den buruz buruko txapelketa nagusian oso kontuan izan beharreko hautagai bat dela berretsi du, iaz hirugarren amaitu eta gero.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!