Esperantzak gauzatzeko final handiak izanen dituzte Plazandreak txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 18a, 08:00

Plazandreak txapelketako finalak jokatuko dituzten pilotariak, Mexikoko Daniela Vargasen eta David Alvarazen pilota eskolako ikasleekin, finalaren aurkezpenean.

Datorren astelehenean jokatuko dute binaka Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Mendizabalek, Ibarrolaren eta Gaminderen kontra binaka eta Aldaik eta Erasunek lau eta erdiaren barrenean

Esperantzara «kondenatuak» baino, lehen mailako ikuskizun batez gozatzeko aukeraren aurrean itxaropentsu ageri dira pilotazaleak eta Plazandreak saioren finalean arituko diren pilotariak. Orain arte ikusitakoaren ondoren, partida ikaragarri estu eta irekiak espero baitituzte datorren astelehenerako emakumeen esku pilotan leku berezi bat egin duen Bilbo erdiko Esperantza pilotaleku ederrean. Goiuri Zabaleta leitzarra eta Mendizabal, Ibarrolaren eta Gaminderen kontra binaka eta Aldairen eta Erasunen arteko lehiak lau eta erdian, merezitako bukaera eman nahi diote emakumeen esku pilota ETBko prime timera ekarri duen saio arrakastatsuari.

Binakako finalak iazko lau finalistetatik hiru bilduko ditu –Amaia Aldai txapelduna kaiolakoan arituko da–, baina aurtengoan Goiuri Zabaletak eta Enara Gamindek elkarren aurka jokatuko dute, leitzarrak Nora Mendizabal iazko irabazlea lagun duela eta Laukizkoak Aizane Ibarrolaren bizkarrak zainduko ditu. Finalaren mailaz jabetzeko, nahikoa da egungo buruz buruko eta binakako atzelari txapeldunak elkarren aurka arituko direla gogoratzea eta iazko 22-21ekoak ere itxaropentsu izateko arrazoiak ematen ditu. Iaz elkarrekin garaipena lortzerik izan ez bazuten ere, ukaezina da Zabaleta eta Gaminde egungo bi erreferentzia nagusienetakoak direla. Txapelketa hasieratik bi bikoteak ziren txapelak janzteko faborito nagusienetako eta jokatutako partida guztiak irabazita, pronostikoak goitik behera bete dituzte eta txapelak etxera nork eramango dituen erabakitzea baino ez da falta. 

Plazandreak txapelketako finalistak (Zabaletaren bikote kide izanen den Mendizabal falta da) aurkezpenean.

Eta kaiolako finala ez da atzean geratzen. Lau eta erdiko hiru txapel jantzita, Amaia Aldai inoizko espezialistarik handiena da buruz buruko lehiatan eta azken urte txar baten ondotik, berriz ere lehiakor eta garaile sentitzeko bidean inflexio puntu bikain bat izan daiteke Plazandreak saio honetako finala. Ari da dimoztarra ohikoa duen oldarkortasuna eta joko bizia berreskuratzen eta errekuperazioa erabatekoa dela frogatzeko modu bikaina litzateke txapel ospetsu hau bururatzea.

Kontua da, parean izango duen Itsaso Erasunek ez diola inolako erraztasunik emango. Atzelaria izanagatik, bikain moldatzen da kaiolako jokora, fisikoki sekulako unean heltzen da finalera eta denboraldi bikain bat borobiltzeko garaipen handi bat bilatuko du. Gipuzkoarra izango da, ziurrenik, azken hilabeteetan bere jokoan garapenik handiena izan duen pilotaria eta arriskutsua da edonorentzat. Azken buruz burukoan hirugarren amaitu zuen beste jauzi bat eman nahiko luke. Gaitasunik ez zaio falta.

Erakundeetako ordezkariez gain, Daniela Vargas eta David Alvarez bere Mexikoko pilota eskolako 28 ikasleekin Bilbon dira Plazandreak saioko finala bertatik bertara ikusteko eta ez zuten ostegunean egin zen aurkezpenean ere hutsik egin nahi izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun