«Emakumeen artean badago sare bat eta laguntzeko borondatea»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 19a, 10:00

Sonia Mayoral Muñoz.

Sonia MAYORAL MUÑOZ, Aranon bizi den emakumea.

Duela urte eta erdi joan zen Aranora bizitzera Sonia Mayoral Muñoz. Ordura arte ez zuen herria mapan kokatzen asmatuko. Denbora gutxian errotu ditu bertan sustraiak eta herritarrak izan dira bidea samurtu diotenak: «esker oneko hitzak baino ez ditut bertan osatu dudan emakume sarearentzat». Orain bizitokia aldatu beharra suertatuta, Aranon gelditzeko apustua egin du eta Liztorregin topatu du habia eraikitzen hasteko teilatua.

Bizimodu baten bila

Hendaiako etxea utzi eta bizitoki berri baten bila hasi zen duela pare bat urte Mayoral: «sortzez irundarra naiz eta hemezortzi urtez bizi izan naiz Hendaian. Pandemia ondoren gauzak asko aldatu ziren bertan eta egunetik egunera, geroz eta gehiago Biarritzera eta Donostiara begira zeudela ikusten nuen». Berak nahi zuen bizimodutik aldentzen zen hori: «emakumea naiz, familia bat osatzeko asmorik ez duena. Hori kontuan izanik, etorkizunera begira jarri eta indibidualismo horretatik alde eginez, zaintza erdigunean jarri eta etxebizitza komunitario bat osatu nahiko nuke». 

«Etxebizitza kolektibo bat sortu nahiko nuke»

Gipuzkoa eta Nafarroa aldean hasi zen bila eta lagun batek eman zion Aranon partekatzen zuten baserri baten berri. Herria ezagutzera joan eta gustuko izan zuen bertan topatu zuena «ikusi nuen hain herri txikia, basatia zela, naturarekin duen lotura... animatu nintzen deitzera eta alokairuaren arauak ezagutzera». Urtebetez bizi izan da bertan: «oso gustura egon gara, baina bertan duten proiektua aldatu denez, baserria utzi behar izan dut».

Maletak hartuta, ez da urrutira joanen: «oso argi nuen Aranon edo Aranotik gertu gelditu nahi nuela, nahiz eta jakin bertan gelditzea zaila zela». Faktore asko zituen aurka: «alokairuan hartzeko eskaintzarik ez, emakumea, bakarrik, zerbait komunitarioa osatu nahia... badakit ohiko ereduetatik aldentzen dela bilatzen dudana eta adineko pertsona bati hori ulertarazi eta ikusaraztea ez dela erraza». Baina Aranoko herritarrei esker lortu du aukera: «eskertzen dut herritarrek emandako maitasuna eta elkartasuna. Beheko herrian bizi izan naiz eta Legarreta familiak, Marinak… etxekotzat hartu naute. Ezin dut aipatu gabe utzi Aurora, nire ama bezala izan da; baserria bilatzeko ezinbestekoa izan da bere laguntza. Beraiek dira herrian gelditzeko arrazoia eta beraiei zor diet aukera». Horrekin lotuta, adibide bat eman nahi izan du: «herrira etorri eta hilabete gutxira, nire auzokoak diren Legarreta familiakoek beraien mahaira gonbidatu ninduten. Oso hunkigarria eta polita izan zen». 

Elkartasuna

Erakundeetatik kanpo, modu naturalean sortzen den elkartasun hori izan da Mayoral gehien harritu duena: «sorpresa handia izan da. Ni beti mugitu izan naiz elkarte feministetan, emakume etxeen inguruan, gizarte proiektuetan… baina hemen ikusi dut feminismo hori berezkoa dela. Badagoela, batez ere  emakumeen artean, indar bat eta laguntzeko borondate bat». 

«Beharrezkoa da zaintza erdigunean jartzea»

Bizimodu aldaketa badakar herri txiki batean bizitzeak, «baina erraz egokitu» dela dio: «gainera, zerbitzu falta horri erantzuteko hainbat alternatiba daude. Adibidez, liburutegi, arrandegi eta harategi ibiltariak. Fruta ekarriko duena falta zaigu». Zukua liburutegiko txartelari ateratzen dio: «literatur zalea naiz eta liburutegi ibiltariarekin eskaintzen duten zerbitzua oso ona eta interesgarria da». Gainerakoan, kultur ekitaldi askorik ez da izaten, baina uste du azpimarratu behar dela, «gauzak antolatzen direnean, jendeak erantzun eta parte hartzen» duela. 

Urumeako mendiak bizirik

Mendia eta naturarekin duen lotura da Aranok duen bereizgarrietako bat eta kezkatuta hitz egin du bertan eraiki nahi duten makroproiektu eolikoaz: «txikizio izugarria eraginen lukete eta Arano herri bezala desagertuko litzateke». Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kidea da eta argi dio: «mendia industrializatzearen kontra nago eta hori bada norbaiten asmoa, aurrean izanen naute gelditzeko». 

Hezitzailea da lanbidez eta Gautenan egiten du lan: «autismoa dutenekin aritzen naiz lanean» eta datozen asteetan, Saharatik etorritako gaztetxo baten bisita ere izanen du: «Oporrak bakean programan laguntzera joaten naiz eta ebakuntza  garrantzitsu bat egin dieten haurrekin egoten naiz. Horietako bat Aranora etorriko da udan». Argi du: «txikitik eragin eta munduan dauden hainbat egoera konpontzeko gure alea jar dezakegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun