Nafarroako herriarteko pilota txapelketan txapeldunorde izan ondotik, Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalerdietako kanporaketa jokatu zuen Leitzak uztailaren 15ean, astearte arratsaldean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Berez Irurtzun txapelduna zen aritzekoa, baina Nafarroako txapeldunak uko egin ondotik, Leitza txapeldunordea aritu da. Joan den urtean Euskal Herriko txapeldun eta aurten Bizkaiko txapeldun izan den Markina-Xemein zuen arerio eta leitzarrek hiru partidetatik bi irabazita lortu zuten finalerako sailkatzea. Agurainen kontrako hiru partidak irabazi zituen Oiartzunen kontra jokatuko dute finala igandean, 11:00etan hasita, Zumarragan. ETB1ek zuzenean emanen du finala.
Kadete mailan, Leitzako Egoi Bidartek eta Aiur Ugartemendiak 22-7 irabazi zieten Markina-Xemeingo Albizuri eta Otxantezanari. Jubenil mailan ere garaipena lortu zuen Leitzak, Janitz Sagastibeltzak eta Oinatz Alkortak 22-11 irabazi baitzieten Egurrolari eta Arakistaini. Dagoeneko finalerako txartela segurtatuta, senior mailan, Leitzako Hegoi Txoperenak eta Eñaut Goikoetxeak 16-22 galdu zuten Markina-Xemeingo Agirreamalloaren eta Pujanaren kontra.