«Auzolana eta autogestioa dira Atekabeltzen oinarriak»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 16a, 10:00

Atekabeltzeko kideek iaz atera zuten taldeko argazkia.

AINARA SARALEGI SAGASTIBELTZA Atekabeltzeko kidea

Uztailaren 19an egun osoko festa antolatu dute eta biharamunean, afari meriendarekin borobilduko dute hogeigarren urteurreneko ospakizuna

Uztailaren 20an hogeigarren urteurrena beteko du Atekabeltz Herriguneak. Bezperan, larunbata izanik, egun osoko festa antolatu dute eta igandean eginen duten afari meriendarekin borobilduko dute ospakizuna. Leitzarrei «eskaintza politikoa, kulturala, informatiboa, alternatiboa... eskaini» diete azken hogei urte hauetan eta auzolana eta autogestioa ardatz hartuta, bidea eginez segi nahi dute.

Zein izan da 20 urte hauetako eboluzioa?

Hogei urtek askorako eman dute eta badugu zer kontatua. Bere garaian, erronka handia izan zen kuartela izatetik, herriarentzako espazio ireki bat izatera pasatzea. Gaur egunera arte mantentzea ere ez da lan erraza izan. Hogei urte hauetan Leitzako herriak eta gazteok bereziki, oztopo askori egin behar izan diegu aurre: isunetatik eta errepresiotik hasi eta pandemiaraino.

Bide horretan, zeintzuk dira Atekabeltzen indarguneak eta gabeziak?

Autokritika eginez hasiko gara eta onartu behar dugu zaila dela herrian dauden gabezia guztiei aurre egin eta irtenbideak eskaintzea. Hala ere, oso harro esan dezakegu azken hogei urte hauetan herriari eskaintza politikoa, kulturala, informatiboa, alternatiboa... ez zaiola falta izan. Horixe da Atekabeltzen indargune nagusiena. Hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, filmak, aisialdirako aukerak, auzolanak, hezkidetzarako espazioak, elkarlanak... Honek eta askoz gehiagok osatu du urte hauetan guztietan Atekabeltz Herrigunea. Gure erronka nagusiena, beste gaztetxe ugariren antzera, hobetzen, desikasten eta berrikasten jarraitzea da eta horrekin batera, geroz eta gazte gehiago gaztetxera gerturatzea nahiko genuke.

Elkargune bat izatea da zuen helburuetako bat. Nola egin tokia errealitate, pentsaera... desberdinei?

Atekabeltz espazio irekia izatea izan da beti gure helburua, elkargune bat eskaintzea. Gaztetxe soil izatetik herrigunea ere izatera igaro zenean pauso erraldoi bat eman zela esan dezakegu. Herriko beste eragile ugari eraikinean militatzen hasi ziren. Espazio ireki honek hainbat pentsamolde besarkatzen ditu, baina izaera amankomun baten bueltan. Hasieratik, auzolana eta autogestioa izan dira Atekabeltzen ardatzak. Argi diogu: Atekabeltz feminista, antirrazista, dekoloniala, ez-kapazitista, antikapitalista, euskaltzalea, ekologista, librea... izanen da edo ez da izanen.

Zer antolatu duzue 20. urteurrenerako?

Uztailaren 19an, goizetik hasiko dira ekintzak eta 14:00 aldera, bazkaria izanen dugu gaztetxean. Txartelak Torrea Herrikoan egonen dira salgai. Aukera beganoa ere egonen da, aurretik eskatzen bada, eta alergiak ere aurrez abisatu beharko dira. Bazkalondoan, Atekabeltzen inguruko tribial txapelketa jokatuko dugu eta arratsaldeko ekitaldien aurretik, urtero bezala, urteurreneko argazkia aterako dugu. Arratsalde girotua izanen dugu gaztetxean, mojitada batekin eta musikaz alaituta. Iluntzean, 21:30 aldera, doako luntxa izanen dugu eta jarraian kontzertuak. 23:00 aldera hasiko dira kontzertuak eta Lenbailen talde leitzarra ariko da aurten, gazteenek eszenan lekutxo bat dutela aldarrikatuz. Segidan, Muffin DJk ariko dira goizaldera arte. Jai giro paregabea espero dugu eta anima zaitezte! Gainera, kontuan izanda urteurren eguna izatez uztailaren 20a dela eta aurten igandean suertatzen dela, afari-merienda autogestionatua izanen dugu uztailaren 20an. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun