Urteak daramatza Fernando Oiartzun Sagastibeltzak hitanoaren erabilera ikertu eta berreskuratzeko lanean. Besteak beste, Hika eta toka, noka ere toka! liburuaren egilea da, baita hitanoari buruzko hainbat tailerren sustatzailea eta irakaslea ere.
Mintzolak saritutako ikerketa lanarekin, «Leitzako noka edo neskekin mintzatzeko erabili ohi den hitanoaren behin betiko galera galaraztea» du helburu. 3.000 euro gordin jasoko ditu, eta 2026ko otsailaren 27ra bitarteko epea izanen du lana ondu eta aurkezteko. Leitzako alokutiborako corpus bilketa sakona egitea proposatu du eta hitanoaren transmisio-etena gainditzea corpusa zabalduz eta irakatsiz.
Lanketa hori egitea ezinbestekoa dela dio: «premia larrian baitago gure hitanoa, oro har, eta itolarrian noka moldea». Gaineratu du, ikerketarik gabe, ezinezkoa litzatekeela hitanoak, nokak, bizirik irautea: «gertatzen ari den hizkera zabartze orokorra eta hitanoaren transmisio-etena saihestea eta erregistro informalean gai diren hiztun berriak lortzea».
Horretarako, corpusa osatzea proposatu du bere ikerketan Oiartzunek: «corpusa ongi bildurik daukagula bermatu behar dugu, oraindik bizirik diren hiztun oso eta aberatsen jakinduria ustiatuz; izan ere, oraindaino bildu ez diren edukiak eta adizkiak behar ditugu geure hizkuntzarako eta bilduko ditugu». Baina ez hori bakarrik, testuinguruari, kontakizunei ere garrantzia eman nahi die: «eduki gramatikal horiek testuingururik eta ingurumaririk gabe hutsalak gerta litezke, tauletan, diptikoetan eta abarretan ahantziak. Hala bada, gure lan-ildoari segituz, adizkiak nahi ditugu, albait, kontakizunetan txertatuak, ahoz nahiz idatziz, edo gutxien-gutxienik aditz horiek esaldi mamitsuetan eta unitate fraseologiko esanguratsuetan bildu nahi ditugu, izan ere, nahitaez behar ditugu horrela hizkera gozo eta adierazkorra lortu nahi badugu». Gaur egun ere, aurrez lan asko eta handiak egin diren arren, badira Leitzan desagertzeko arriskuan diren eduki linguistiko franko: «orain aztertu ezean, jorratu ezean, bizirik ditugun hiztunengandik jaso ezean, behin betiko galduko zaizkigu».
Bilduko duten corpusa zabaldu eta irakastea izanen da hurrengo pausoa: «gure proiektu honekin azken hamarkadetako transmisio-etena gainditu eta hitano-hiztun berriak sortzea ahalbideratu nahi dugu». Horregatik, egiten duten bilketa audioetan, bideoetan eta paperean jasotzeko asmoa du: «ondoren irakasgai eta ikasgai izan daitezen edukiak oro».