Binakako partida, azken emaitzak irudika dezakeena baino lehiatuagoa eta estuagoa izan zen, tanto gogor asko egon baitziren, nahiz eta egia den horietako gehienak, azkenean, Ibarrola eta Gaminderen aldera erori zirela. Aurrean egungo atzelaririk onenetako bat izan zuen arren, Andrea Capellanek indartsu ekin zion partidari, baina Enara Gamindek ederki eutsi zion errioxarraren hasiera bortitz horri. Kontua da, aurrean Ibarrolak bikain asmatu zuela tantoak amaitzen. Ibarrola eta Gaminde hasieratik ziren txapelak janzteko faboritoen artean eta bikote bezala ongi erantzun dute orain arte. Hori bai, Zabaleta eta Mendizabal ere ez dira atzean gelditzen eta lehia orekatu eta irekia espero da finalean.
Kaiolako partidan, askok pentsatu dute Itsaso Erasunek ezustekoa eman duela Lau eta Erdian txapeldun izan den Miriam Arrillagari irabazita, baina Erasunen azkenaldiko emaitzak eta jokoa ikusita, ezustekoa ez da horrenbesterako. Urrutiegira joan gabe, zizurkildarrak San Fermin torneoko txapela jantzi zuen larunbatean binaka Zabaletarekin eta azkeneko Lau eta Erdiko txapelketan ere hirugarren sailkatu zela ezin dugu ahaztu. Atzelaria izanagatik, lau eta erdiko jokoa bikain menderatzen du, fisikoki oso pilotari gogorra da, buruz ere nekez amore ematen duen horietakoa da Erasun eta hori guztia gutxi balitz, pilotari ere Arrillagak baino abiadura bat gehiago eman zion asteleheneko partidan, tantoak bukatzerako orduan postura guztiak dominatuz.
Finalean, izenez eta palmaresez, Amaia Aldai faboritoa izan daiteke, baina Itsaso Erasunek inoren beldurrik ez izateko jokoa eta nortasuna dituela agerian gelditu da Plazandreak saio honetan ere.