Leitzako pilotariak herriarteko txapelketa nagusiko txapelaren bila aterako dira igandean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 11

Finala jokatuko duten Leitzako eta Irurtzungo pilotariak.

Nafarroako Herriarteko Txapelketako finala jokatuko dute igandean, hilak 13, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Leitzako eta Irurtzungo pilotariak nor baino nor ariko dira txapel beltza lortzeko lehian.

Leitzako taldea da faborito nagusia. Nafarroako herriartekoan hiru garaipen eskuratuak dituzte dagoeneko (1972an, 1973an eta 2007an) eta lau aldiz izan dira azpitxapeldun (1970ean, 1971n, 1981ean eta 2009an). Txapelketa borobila osatu dute aurten, 14 partida irabazi eta bakarra galdu dute. 

Asier Olaizolaren gidaritzapean, Julen Baleztena, Aimar Zubillaga, Janitz Sagastibeltza, Oinatz Alkorta, Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea pilotariak ari dira Leitzako taldean.  Finalerako txartela, Lizarraren kontrako partida guztiak irabazi ondotik eskuratu zuten. 

Uztailaren 13an, igandean, 10:00etan hasiko dira finalak. Kadeteetan,  Julen Baleztena eta Aimar Zubillaga leitzarrak, Mikel Laso eta Pello Gorraizen aurka ariko dira. Gazteen mailan, Leitzako Janitz Sagastibeltzak eta Oinatz Alkortak, Jon Patxi Okiñena eta Oier Huarte izanen dituzte aurkari. Bukatzeko, helduetan, Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea leitzarrek, Alberto Ongayren eta Adrián Azpirozen aurka jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun