Zorte on Maddi eta mila esker

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 11

Azken urtetan pediatriako erizaina izan den Maddi Fernandezek Leitzako Osasun Zentroko lanpostua utzi du eta egindako lana eskertzeko, gutuna idatzi du Amaia Agirre Domentxek Leitzaldean Pediatra Orain taldeko kideen izenean. 

Badira egun batzuk agur eta eskertza gutun bat jaso genuela.
Bagenekien eguna iritsiko zela, baina beti luzatuko ote zen esperantza ez genuen galtzen.
Gure haurrak jaiotzetik zure altzoan artatu dituzu, baita familiak gure bizitzako momentu garrantzitsu eta garratzetan ere. Irrifartsu, gogotsu, beti entzuteko eta ikasteko prest... ze zortedun izan garen esan nahi dizugu.
Ez zaizkizu urte errezenak tokatu: pediatren joan-etorriak, pediatra gabeko hilabete luzeak… Lan karga handia izan duzu, zureak ez ziren lanetan ere aritu behar izan zara, baina beti aurrera egin duzu, eta askotan, bakarrik.
Gaurkoan agur esaten dizugu, zuri, gure haurren Maddi erizainari. Leitzako plaza utzi eta bazoaz beste bide batean. Hoberena opa dizugu, zortedunak izango dira zure eskutan jartzen direnak.
Gu ate zabalik geratuko gara zure postua beteko duenaren zain…

Mila esker bihotzez… 
Leitzaldean pediatra orain taldeko kideak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun