'Buruak piztu, aukerak eraiki!' kanpaina martxan jarri dute Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 8a

'Burua piztu, aukerak eraiki!' logoa duen hiru marradun joku bana oparitu diete 100 neraberi.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Programak 15 eta 16 urte arteko nerabeei eta haien familiei bideratutako udako kanpaina aurkeztu du. Substantzia eta pantailen kontsumoan jarri dute arreta eta udako oporraldian aisialdi alternatibo, aktibo eta osasuntsu baten aldeko aldarria egin dute.

Izan ere, udako oporraldia nerabeentzat aisialdirako garaia da, aukera paregabea atseden hartzeko, esperientzia berriak bizitzeko eta sozializatzeko. Baina aldi berean, denbora libre gehiegi izatean, eguneroko errutinaren hausturek era lagunarteko presio sozialak arrisku faktore bihur daitezke, substantzien kontsumorako. Lehen esperientziak hasten diren unea ere izaten da. Nafarroan 2024. urteko nerabeen kontsumo datuek  honakoa adierazten dute:

  •  Bataz beste 15,8 urterekin hasten dira alkohola kontsumitzen.
  • Nerabeen %40,2k alkohola erosi edo lortu du azken hilabetean.
  • Nerabeen %95,3k uste du erraza edo oso erraza dela alkohola eskuratzea.
  • Nerabeen erdiak mugikorrarekin egiten du lo eta bostetik bat gauean mugikorrera konektatzen da.

Testuinguru horretan, gizarte zerbitzuetatik diote beharrezkoa dela «prebentziorako estrategia eraginkorrak ezartzea». Kanpainaren bidez, burua aktiboki erabiltzea, sormena eta sozializazioa sustatu nahi izan dituzte, droga edo bestelako substantzien kontsumoa atzeratu eta saihesteko.

Kanpaina aurrera eramateko, alde batetik, 97 familiari eskutitz bana bidali diete, Nafarroako Gobernuak egindako alkoholari eta pantailak segurtasunez erabiltzeari buruzko eskuorriarekin batera. Horretaz gain, udaran aplikatzeko baliagarri izan daitezkeen aholkuak ere eskaini dizkiete familiei.

Gainera, 100 neraberi udara «buruarekin pentsatuz eta aukeratuz, presiorik gabe bizitzeko» gonbitea egin diete. Aisialdi aktibo eta osasuntsu baten aldeko aldarria egiten diete bidalitako eskutitzean eta Burua piztu, aukerak eraiki! logoa duen hiru marradun joku bana oparitu diete. Horrekin irudikatu nahi izan da burua erabiltzearen, lagunarteko zein familiarteko sozializazioaren eta aisialdi osasungarriaren garrantzia.

Informazio gehiagorako Prebentzio Programarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu dute: 948 510 840 telefonora deituz edo prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org helbidera idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun