Aresoko Udalak esleitu ditu eskolako eta plazako parkeak berritzeko lanak. Gonbidapen bidez egindako lizitazioa izan da eta Sumalim Playgrounds enpresaren esku gelditu dira. Eskolako parke guztia berrituko dute, lurra eta jokoak. Orain arte bezala, aterpea eta txirristak dituen egitura nagusi bat izango du erdigunean. Horretaz gain, haur txikientzako bi kolunpio eta egokitutako beste bat jarriko dituzte baita katamaran bat, armiarma sare itxurako kolunpioa eta balantzin bat ere. Duela urte batzuk kendu eta herriko haurrek hainbestetan eskatu duten joko bat ere jarriko dute: sokak eta eskalatzeko hainbat aukera eskaintzen dituen egitura. Eskolako parkeaz gain, plaza ere txukuntzeko asmoa dute. Rokodromoa eta txirrista kenduko dituzte eta horien ordez, oreka mantetzeko soka bidezko egitura bat eta etxetxo bat jarriko dituzte. Gauzak ongi bidean, herriko festetarako parke berriak erabilgarri egongo dira.