Leitzako Jeiki abesbatzak gazteen taldea sortu nahi du

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 4a, 20:00

Jeiki abesbatzako kideak 50.urteurreneko ekitaldietan.

Hamahiru eta hemezortzi urte arteko gazteei luzatu diete gonbidapena eta ez da beharrezkoa musikako ikasketak izatea.

Jeiki abesbatza zahartzen ari dela ikusita, gazteen abesbatza sortzeko apustua egitea erabaki dutela azaldu dute abesbatzako kideek: «gaur egungo partaide gehienak adinekoak gara, jende berririk ez da sartzen taldean eta ikusi genuen gazteen abesbatza sortzea gure etorkizuna nolabait bermatzeko modua izan zitekeela».  Gazteen abesbatza, helduen abesbatzarako harrobia izatea nahi lukete. Hamahiru eta hemezortzi urte arteko gazteei egin diete gonbidapena: «2013an edo lehenago jaiotako gazteak animatu nahi ditugu». Hemezortzi urtetik gorakoak, zuzenean, helduen abesbatzan hasiko lirateke. Ez dute musikako ikasketarik eskatuko, «abesteko gogoa eta parte hartzeko irrika» izatearekin aski da: «inori ezin zaio esan kanturako balio ez duenik, beti dago ikasteko aukera». Izena eman nahi duenak email bat bidal dezake jeiki.leitza@gmail.com helbidera. Leire Retegi leitzarra ariko da zuzendari lanetan eta ilusioz hartu du erronka. Irailetik aurrera hasiko dituzte entseguak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun