Plazaolako Bide Berdea irisgarriagoa da mundu guztiarentzat

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 20:00

Plazaolako Bide Berdea irisgarriago eginen duten lanen inaugurazioan izan ziren ezintasunen bat duten hainbat elkartetako ordezkariak, asteazkenean Lekunberrin.

Nafarroako Turismoak 500.000 euro baino gehiago inbertitu ditu bidearen lau zatitan eta Lekunberriko Bulegoan

Plazaolako Bide Berdea irisgarriagoa da pertsona guztientzat Irurtzun eta Leitza arteko lau zatitan, azken hilabeteetan egindako egokitzapen-lanen ondotik. Gainera, Lekunberriko Turismo Informaziorako Bulegoa dagoen eraikina berritu da, Kantina hartzen duena, eta orain eraginkorragoa da isolamenduan eta energia-kontsumoan. Nafarroako Gobernuak 520.000 euroko inbertsioa egin du horretarako, Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen Nextgen-UE Europako funtseko finantziazioarekin.

Ana Rivas, Nafarroako Turismo zuzendari nagusiak inauguratu zituen lanak asteazkenean Lekunberriko estazioan, ezintasunen bat duten COCEMFE, ABFAS, ASORNA, EUNATE eta beste elkarte batzuetako erabiltzaileekin eta Plazaolako udal ordezkariekin, Plazaola Partzuergokoekin eta Cederna-Garalurrekoekin batera.

 

Inaugurazioa eta jarduera inklusiboen erakustaldia

Lekunberritik Mugirora hobetutako zatietako baten oinezko ibilbidea egin zuen parte hartzaile taldeak, eta ingurua interpretatzeko bisita egin zuen Francisco Sanz geologoak. Ahozko beste esku-hartze guztiak bezala, zeinu-hizkuntzako interpretazioa izan zuen. Ibilaldian zehar, jarduera inklusiboen erakustaldiak egin zituzten, hala nola seinalizazio paneletan NaviLens kodeak erabiltzea, ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzako tandem eta norabide barretako bizikletetan paseatzea, audifonoak edo kokleako inplanteak erabiltzen dituzten pertsonentzako indukzio begiztak erabiltzea, eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako zorua eta altzariak erabiltzea.

 

Irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko obrak

Lekunberri, Irurtzun, Latasa eta Leitza herrietako lau zatitan egokitu da Plazaolako bide berdea desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun neurrietara, 12 kilometro denera. Besteak beste, zoladura hobetzea, baranda eta eskubandekin babestea, altzari irisgarriak jartzea, aparkaleku plazak sortzea eta seinalizazio inklusibo eta irisgarria jartzea.

Seinalizazio inklusibo eta irisgarria jarri dute.

Proiektua bost hilabeteko epean gauzatu da eta 312.500 euro inguruko aurrekontua izan du. Proiektuaren idazketa eta obraren zuzendaritza Suma Urban Sustainability Consultans SLP enpresak egin du eta Lakita SA enpresak egin ditu lanak. Lekunberriko Turismo Informazio Bulegoa dagoen eraikinaren eta Kantina tabernaren eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko lanak ere bost hilabeteko epean egin dira eta 208.000 euroko aurrekontua izan dute. Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko ardura Carlos Ros ingenieros SL enpresak izan du  eta Veolia Servicios Norte SA Unipersonal enpresak egin ditu eraikuntza lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun