Arbizun jokatu gabe ere Emakume Master Cupen San Fermin Torneoko finalerdietan izanen da Goiuri Zabaleta

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 25a, 19:00

Uriartek eta Erasunek garaipena lortu zuten asteartean Arbizun, Lide Lopezen eta Osesen kontra. Horri esker, ostiraleko finalerdietan izanen da Goiuri Zabaleta leitzarra.

Emakume Master Cupen VII. San Fermin Torneoko Urrezko Ligako bigarren jardunaldia jokatu zuten asteartean bertan Arbizuko besten barrenean eta, honela, ostiralean Soraluzen jokatuko diren finalerdietako protagonista zein izanen diren erabaki zen. Goiuri Zabaleta leitzarrak ez zuen jokatzerik izan, baina bere ordez aritu zen Uriartek eta Erasunek irabazi zutenez, finalerdietan izanen da.

Arbizuko lehen partidan, Salsamendik eta Mendizabalek 22-15 irabazi zieten Aldairi eta Bergarari. Bigarren partidan, berriz, Uriartek eta Erasunek 22-17 irabazi zieten Lide Lopezi eta Osesi.

Gauzak honela, ekainaren 27an, ostiralean 18:30ean hasiko da Soraluzen finalerdietako jaialdia, pilotari gazteen arteko partidekin. 19:00etan jokatuko dute elite mailako lehenengo finalerdia Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Erasunek, Etxegarairen eta Gaminderen kontra. Bigarren finalerdian, Arbizun bezala, berriz ere Aldai eta Bergara, Salsamendiren eta Mendizabalen kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun