Lubineko frontoia museo bihurtu denekoa

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 24a

Goizueta pilotarien herria dela esan izan da eta zalerik ere ez da falta. Ekainaren 20an, Lubineko frontoia inauguratzeko egindako ekitaldiak berretsi zuen hori. Frontoia gainezka zela, Lubinen jarri dituzten bederatzi panelak erakutsi zituzten eta herriko pilotariak omentzeko ere baliatu zuten ekitaldia. Pilotari izan zirenak eta direnak; Felix Loiartek ateratako argazkietan ikus daitekeenez, kuadrilla galanta da.

Lubineko frontoiaren zaharberritze lanak bukatuta, inaugurazio ofiziala egin zuten ekainaren 2oan. Egun horretan, pilotalekua soilik ez, pilotaren museoa ere inauguratu zuten. Zaharberritze lanak baliatuta, Goizuetako esku pilotaren historia biltzen duten bederatzi panel jarri dituzte eta bezperara arte, ongi gordeta izan dituztenez ikusmin handia sortu zen.

Goizuetako Udalak antolatu zuen ekitaldia, Umore Ona Elkartearen laguntzarekin eta Umore Ona abesbatzako kideek eta dantzariek ere parte hartu zuten ekitaldian. Herriko pilotariak, izan zirenak eta direnak, gonbidatu zituzten hitzordura eta bost urtekoak zein hirurogeita hamar urtekoak, elkarrekin atera ziren kantxara.

Pilotariak omendu eta pilota eskolak egiten duen lana ere azpimarratu zuten. Ekitaldia borobiltzeko, pilota jaialdia ere izan zuten eta ikusleek aipatu dutenez, «partida mundialak atera ziren». Afizionatu mailan ari diren pilotariak gonbidatu zituzten, Umore Ona Elkartearekin harremana dutenak. Binaka, Txoperena eta Unax Landa, Unai Astizen eta Aitor Alduntzinen aurka aritu ziren eta lau eta erdian, Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun