Plazandreak esku pilota txapelketa ekainaren 23an abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 19a, 20:00

'Plazandreak' pilota txapelketaren aurkezpenean parte hartu zuten pilotariak eta antolatzaileak, asteazkenena, Bilbon. Goiuri Zabaleta leitzarra ez zen aurkezpenean izan.

Emakumeen esku pilota Euskal Telebistaren Prime-Timera ekarriko duen Plazandreak saioaren ekitaldi berri bat aurkeztu dute. Ekainaren 23an hasi eta uztailaren 21ean bukatuko da, bortz astez, Euskal Telebistaren lehen kateak egungo espezialistarik onenak bilduko dituen bortz jaialdi eskainiko ditu. 

Plazandreak saioak berezkoa duen eran, jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dituzte, bat banaka, lau eta erdiaren barrenean, eta bertzea binaka. Binaka arituko diren bikoteak Arrizabalaga eta Bergara, Ibarrola eta Gaminde, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Mendizabal eta Arraiza eta Capellan izanen dira, eta kaiolan, berriz, Aldaik, Arrillagak, Etxegaraik eta Erasunek neurtuko dituzte indarrak.Aurten ere, Plazandreak saioko jaialdi guztiak Bilboko bihotzean kokatutako Esperanza pilotalekuan jokatuko dituzte. 


Babes zabala

Pilotariei eta txapelketari babesa eskaini eta pilotazaleei Esperantza pilotalekura gerturatzeko gonbita eginez, ekainaren 18an egindako  aurkezpenean izan dira EITBko kirol zuzendaria Joseba Urkiola, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendria Carlos Sergio Atxotegi, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, Iker Iglesias Eusko Labeleko ordezkaria eta Alvaro Parro, Laboral Kutxako kidea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun