San Fermin torneoko Urrezko Ligan izanen da Goiuri Zabaleta

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 18a

Lehen faseko azken partidan, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Erasunen ordez aritu zen Mendiburuk irabazi egin zieten Aldairi eta Bergarari.

Asteburuan Mutiloabeitin, Barakaldon eta Antsoainen jokatutako partidekin bukaera eman zaio giro ederrean eta maila bikainarekin jokatu den Emakume Master Cupeko San Fermin torneorik luzeenaren lehen faseari. Goiuri Zabaleta leitzarrak lortu du Urrezko Ligarako sailkatzea. Lehen faseko azken partidan, Erasunen ordez aritu zen Mendibururekin batera aritu zen eta irabazi egin zieten Aldairi eta Bergarari.

A multzoan, hiru garaipenekin, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun eta Aldai-Bergara (bi garaipen) izan dira aurrera egin dutenak eta B Multzoan, aldiz, Etxegarai-Gamindek jokatutako hiru partidak irabazi dituzten bitartean, Salsamendi-Mendizabal izan dira bigarrenak, bi garaipenekin.

Atsedenerako denborarik gabe, asteburu honetan bertan hasiko dute Urrezko Liga Burlatan eta Eibarren non, bi multzoetako bi bikoterik onenek finalerdietarako posturik onena ziurtatu nahi izanen duten. Igande eguerdian jokatuko diren bi jaialdi ederretan, lehen fasean ikusitakoaren ondotik, partida ikusgarriak espero dituzte, lau bikoteak maila ikaragarrian aritu baitira. Burlatan Salsamendi-Mendizabalek Zabaleta-Erasunen aurka jokatuko dute bi aurrelari nafarren arteko derbian eta Aldai-Bergara eta Etxegarai-Gaminde izanen dira Eibarko Astelena historikoan jokatzeko ohorea izango dutenak.

San Juan egunean, bestalde, lehen fase honetako lau bikoterik onenek Arbizun neurtuko dituzte indarrak 18.00etatik aurrera. Aldai-Bergara/Salsamendi-Mendizabal eta Etxegarai-Gaminde/Zabaleta-Erasun izanen dira Sakanako herrian jokatuko diren partidak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun