Zeintzuk izan dira Lubinen egindako zaharberritze lanak?
220.045,15 euroko kostua izan dute lanek eta Nafarroako Gobernutik 115.876,61 euroko dirulaguntza jaso dugu. Teilatuko egurra ongi zegoenez mantendu egin da, baina gainean isolamendua hobetuko duen txapazko panela jarri dute. Lur guztia aldatu dute eta paretak barrenetik eta kanpotik margotu. Leihoak konpondu eta bakarren bat berria jarri da. Potentzia handiko haize erauzgailu bat ere jarri dute hezetasun arazoak saihesteko eta argiteria guztia berritu, led fokuak jarriz.
Museo funtzioa ere beteko du aurrerantzean.
Goizuetan beti izan du garrantzia berezia pilotak. Ikaragarri maite, bizi eta sentitzen dugun kirola da guretzat. Ikusi besterik ez dago herrian partidak direnean zenbat jende hurbiltzen den frontoira. Herriak pilotarekin duen harreman estua erakusteko zerbait egin behar genuela beti izan dugu buruan eta frontoia zaharberritzeko lanek eman digute aitzakia. Bederatzi panel jarri ditugu; hiru panel sarreran eta sei barrenean.
Zer informazio bildu duzue paneletan?
Goizuetak pilotarekin duen harremana eta historia azaldu eta, aldi berean, herriko pilotari izan direnak eta gaur egun direnak omentzea da gure asmoa.
Ekainaren 20an eginen duzue inaugurazio ofiziala.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da. Panelak erakutsi eta azalpenak emanen ditugu. Udalak antolatu du ekitaldia eta Umore Ona Pilota elkarteko kideek ere parte hartuko dugu. Segidan, pilota jaialdia izanen dugu. Afizionatu mailan ari diren lehen mailako pilotariak gonbidatu ditugu. Binaka, Hegoi Txoperena eta Antton Apezetxea, Unai Astizen eta Markel Lizeagaren aurka ariko dira. Lau eta erdian, berriz, Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeagaren partida izanen dugu.
Zein da pilota elkartearen gaur egungo egoera?
Pilota eskolan 48 pilotari daude. Eskuz 26 ari dira, tartean, hiru neska. Paleta goman 13 pilotari, horietatik hiru neska, eta frontenisean bederatzi neskek osatzen dute taldea. Horiei erakusten, eskuz hiru entrenatzaile eta palan eta frontenisean bana ari dira. Komisioko lan taldea sei kidek osatzen dugu.
Zeintzuk dira indarguneak eta hobetu beharrekoak?
Indargunea, dudarik gabe, herritarrok dugun afizioa da. Gainera, Mendialdeko inguruko klubekin ere harreman estua dugu eta horrek laguntzen du entrenamenduak eta txapelketarako bikoteak osatzeko garaian. Hobetzeko, entrenamendu teknikoagoak egin eta fisikoa gehiago lantzea.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Eliteko pilotariak ditugu eta gaztetxoetan maila polita dutenak ere bai. Horiek aurrera egiteko, ikusten ez den lan pila bat egin behar du klubak; despistatu eta atsedenik hartu gabe. Herrian dagoen afizioarekin, merezi duen lana da, emaitzak ikusten direlako.