Portaera arduratsua izateko eskatu diete udan Urumea erreka ingurura doazen bisitariei

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 16a, 15:00

Jendetza izaten da udan Urumea ibaiaren inguruan.

Urumea bailarako lau herriek, Aranok, Ereñotzuk, Goizuetak eta Hernanik, sentsibilizazio kanpaina prestatu dute. Ekainaren 28tik irailaren 21era, hiru hezitzaile ibiliko dira Urumea ibaiaren inguruan eta bisitariei portaera egokien inguruko informazioa eman eta arauak jasotzen dituzten eskuorriak banatuko dizkiete.

«Erabili Urumea ibaia, natura errespetatuz». Mezu argia zabaldu dute Aranoko, Ereñotzuko, Goizuetako eta Hernaniko Udalek. Ongi dakite ibai eta inguru ederra dutela eta jende askok preziatzen duela, baina kezka adierazi dute «bertan ikusten diren jokabideak batzuetan ez direlako egokienak izaten».

Lau udaletako ordezkariek argi dute: «bisitariak ongietorriak dira Urumearen bailaran eta erreka ertzetan, gure ingurua eta natura errespetatu eta zaintzen den bitartean». Gaineratu dute pandemiaz geroztik «aisialdi eredua aldatu» dela, «baina horrek ezin du naturan kalterik eragin».

2013an hasi zen lau herrien arteko elkarlana errekaren inguruan: «Urumeak zeharkatzen du gure bailara, eta Urumeak elkartzen gaitu. Gure nortasunaren parte da ibaia eta harro gaude». Argi diote eremua partekatu, baina errespetatzea nahi dutela: «bisitan datozenei, gure paraje ederrak erakutsi, baina guk bezala, parajea zaintzeko eskatu nahi diegu».

Portaera arduratsu horiek sustatzeko sentsibilizazio kanpaina prestatu dute. Ekainaren 28tik irailaren 21era hiru hezitzaile ibiliko dira Urumea ibaiaren inguruan dauden bisitariei portaera egokien inguruko informazioa ematen. Jokaera egokiak eta arauak jasotzen dituen eskuorria banatuko dute. Eskuorri bereziak izanen dira, kotoizkoak izanen dira da eta haziak dituzte. Beraz, etxera eraman eta landatu litezke.

Portaera arduratsuak

Urumea ibaiaren inguruan eskatzen dituzten portaera egokiak «oso sinpleak» direla gogorarazi dute: «bertakoak eta gainontzeko bisitariak errespetatzea, Urumea ibaiko biodibertsitatea zaintzea, ez dadila nabaritu bertan izan zarenik (surik ez egin, sortzen dituzun 
hondakinak zurekin eraman eta ez akanpatu), utzi lasai animaliak eta zaindu landareak; eta ondare kulturalarekin arduratsua izan». Arau horiek errespetatzeko deia egiten dute Urumea bailarako lau udalek. Eskuorriez gain, portaera arduratsu horiek biltzen dituzten panelak ere badaude bailarako hainbat gunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!