Leitzako Sagardo Egunaren hamabosgarren edizioa izanen da ekainaren 14koa. Dastaketa 19:00etan hasiko da eta 21:00 aldera arte nahi adina sagardo edateko aukera izanen da. Gipuzkoako hamabi sagardogilek eta Nafarroako hiruk parte hartuko dute eta 1.200 botila sagardo inguru ekarriko dituzte. Eguraldi iragarpenei begira ari dira antolatzaileak eta dastaketa plazan egitea lehenesten badute ere, giroa oso txarra bada, udaletxeko karrapean edo eskoletako estalpean egitea ere ez dute baztertu. Urtero bezala, edalontziak sarreran jarriko dituzte salgai. Mikel Alkoz Leitzako artistak egin ohi du sagardo basoak apaintzeko marrazkia eta aurtengoa ere berak egina izanen da. Edalontziekin batera, hamar trago egiteko txartelak salduko dituzte eta herriko ostalariek prestatutako pintxoak erosteko aukera ere izanen da.
Edalontzi horien ordez, berrerabilgarriak ere jarriko dituzte salgai. Bi euro ordaindu eta dastaketaren bukaeran itzultzen badituzte dirua bueltan emanen diete.