Leitzakar garraio zerbitzua martxan jartzeko boluntario bila dabiltza

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 18:00

Boluntarioek eginen dituzte gidari lanak. (Argazkia Freepik)

Leitzako Zaintza Mahaiak Leitzakar garraio zerbitzua jarri nahi du martxan. Familia estaldurarik gabe dauden 65 urtetik gorakoei edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei etxetik herrira joateko eskainiko zaien doako garraio zerbitzua izanen da, oinarrizko beharrak asetzeko.

Zaintza erdigunean jarrita, hainbat ekimen ari dira antolatzen Leitzan

Herrigunetik urruti bizi diren herritarrengan jarri dute oraingoan arreta eta etxetik herrira joateko erreztasunak eman nahi dizkiete. Leitzako Zaintza Mahaiak Leitzakar garraio zerbitzua jarri nahi du martxan. Familia estaldurarik gabe dauden 65 urtetik gorako herritarrek edo egoera zaurgarrian daudenek: desgaitasun bat izatea, gidatzeko baimena ez izatea, istripu edo gaixotasun batengatik aldi baterako autonomia galdua izatea... zuzendutako zerbitzua da. Egunerokoan dituzten oinarrizko beharrak asetzea da asmoa: zerbitzu publikoetara joatea (osasun etxera, gizarte zerbitzura, bankura, udaletxera, jubilotekara...), erosketak egitea, autobus geltokira joatea...

Leitzakar zerbitzua eskaini ahal izateko, gidari lanetan aritzeko prest dagoen boluntario talde bat behar dute. Herritarrei egin diete deia eta izena emateko epea ireki dute ekainaren 15era arte. Interesa dutenek 621 14 33 73 telefonora deitu edo mezu bat bidal dezakete  09:30etik 13:30era. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun