Energia berriztagarriak

GoiEkhi Energia Komunitatea hasi da lanean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 8a, 10:00

GoiEkhiko talde eragilea. (Utzitakoa)

Frontoiko estalian plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua landu dute eta 65 familiek eman dute izena.

Goizukoop kooperatibatik abiatuta, GoiEkhi energia komunitatea sortu dute. Herritarren beharrak, herrian bertan asetzeko sortu zuten kooperatiba eta burujabetza energetikorako bidea landu nahi dute orain: «kontsumitzaile huts izatetik ekoizle izatera pasa eta herrian ditugun baliabideak aprobetxatu nahi ditugu».

2023an energia komunitateen inguruan herrian egin zuten hitzaldi bat izan zen GoiEkhiren abiapuntua: «bilera hartatik hasi ginen pentsatzen guk ere zerbait egin behar genuela». Sei laguneko taldea elkartu zen: Rakel Yarza, Iñigo Elizegi, Iban Eskudero, Felix Loiarte, Jose Jabier Etxeberria eta Miel Joxe Lekuona eta beraiek izan dira bi urtez proiektuari forma eman dietenak. Egindako lanak eman du fruitua: «eguzki panel fotovoltaikoen lehenbiziko instalazio kolektiboa jarriko dugu herrian».

Nafarroako Komunitatea Eraldatzeko Bulegotik laguntza teknikoa jaso dute eta udalak eraikin publikoetako estaliak utzi dizkiete plaka fotovoltaikoak jartzeko: «lehenbiziko instalazioa frontoiko estalian jarriko dugu. Kalkulatu dugu hor ekoizten denarekin 35 familiek dituzten energia beharrak asetuko liratekeela». Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ere lortu dute: «hasierako inbertsioaren %60 hartuko du bere gain». 

Abantailak

Kostua partekatuta abantaila ekonomikoak nabarmenak dira: «instalazioa norberaren etxeko teilatuan jartzea baino merkeagoa da, egin beharreko inbertsioa kide guztien artean banatzen delako». Gainera, «eraikin publiko bat erabiltzen denez, norberaren etxebizitzan obra egitea ekiditen da». Instalazio komunitarioen funtzionamendua sinplea da: «kontagailu orokor batetik pasa ondotik, sortutako energia sarera joanen da. GoiEkhiko kide bakoitzak bere kontsumoaren araberako banaketa koefizientea izanen du eta eguzki panelek sortzen duten bitartean energiaren zati bat kontsumitu ahalko du». Hala, argindar sarera lotuta dauden herriko etxe baserri ia denak izan daitezke GoiEkhiko kide». Argindar fakturan nabarituko dute aldea: «hornitzaileak bakoitzari dagokion energia kopurua fakturan deskontatuko dio eta bere portzentajea osotara ez badu kontsumitzen konpentsazio bat jasoko du».

Herritar ugari bildu ziren GoiEkhi aurkezteko egindako bileran. (F. Loiarte)

GoiEkhi energia komunitateko kide izateko baldintza bakarra, Goizukoop kooperatibako kidea izatea da: «214 kide daude Goizukoopen eta lehenbiziko bileraren ondotik, 65 familiek eman dute GoiEkhin izena». Eskaera eskaintza baino handiagoa izan da eta sistema optimoa izatea lehenetsi dutenez, «bigarren instalazio baten proiektua lantzen hasi gara dagoeneko. Seinale ona baita,  herritarrek herriaren aldeko apustua egitea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun