Ez da edonolakoa Goizuetan artzaintzan aritu den emakume kopurua: antolatzaileek 42 emakumeri egin zieten omenaldian parte hartzeko gonbidapena eta horietatik 37 egon ziren igande eguerdian plazan. Ekitaldia 13:00etan hasi zen eta aurresku eta kantuen ondotik, oroigarriak banatu eta denboraldi berriko gazta moztuko zuen Milagros Narbarte Makazagak. Mendialdeko Emakume Artzainen Eguna antolatzeko lekukoa, berriz, Laia Zugarramurdi Sorrondegik hartu zuen.
Ekitaldi nagusia eguerdian izan zen arren, goizetik nabari zen giroa Goizuetan. Mendialdeko Azoka Ibiltaria egin zuten eta beste behin ere Mendialdeko nekazari, ekoizle eta artisauek produktuak erosteko aukera izan zuten herritar zein bisitariek. Taloen bueltan ere izan zen aukera: 11:00etatik 12:00etara talo tailerra antolatu zuten umeentzat eta taloaren inguruko tresnak, argazkiak eta dokumentuak ikusteko aukera ere izan zen. Jatekoa ere ez zen falta eta taloak eta antxumea burruntzian erreta dastatzeko aukera izan zen, baita gaztanbera nola egiten den ikastekoa ere.