Maiatzaren 31n, larunbatean, goizeko hamaiketan hasi zen festa. Eguzkiak gogor berotzen zuen eta gustura hartu zuten udaletxeko karrapeko itzala topaketetan bildutako ehunka lagunek. Bertan, aurpegiak margotu, tatuajeak egin edo harriak margotzeko aukera izan zuten. Ordu batak aldera Sormen lehiaketako sari banaketa egin zuten eta segidan, erraldoien konpartsa atera zen. Erraldoien pausoei segika, kale nagusian barna joan ziren eskola eremura. 240 bat lagun elkartu ziren eskolako jangelan egindako bazkarian eta arratsalderako hainbat joko zituzten prestatuak: aulki jokoa, lokotx biltzea, zaku lasterketa... Taldetan banatu eta joko batetik bestera pasaz, ez zuten aspertzeko tarterik izan. Txokolatea eta bizkotxoak janaz indarrak hartu eta dantzan bukatu zuten festa. Luzek botatako bertsoarekin eta lekukoa emanda, aresoarrek izanen dute datorren ikasturtean topaketak antolatzeko ardura.