Emakume Artzainen Eguna ospatuko dute igandean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 29a, 16:00

Goizuetako 42 emakumeri egin diete omenaldian parte hartzeko gonbidapena.

Urtetan isilean egindako lana aitortu eta omenaldia eskainiko diete ekainaren 1ean Goizuetako emakume artzainei. Hitzordua osatzeko, Talo Eguna eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria ere igandean ospatuko dituzte.

Ez da edonolakoa Goizuetan artzaintzan aritu den emakume kopurua: antolatzaileek aipatu dute 42 emakumeri egin dietela omenaldian parte hartzeko gonbidapena. Ekitaldia 13:00etan hasiko da eta aurresku eta kantuen ondotik, oroigarriak banatu eta denboraldi berriko gazta moztuko dute.

Ekitaldi nagusia eguerdian izanen bada ere, goizetik nabarituko da giroa Goizuetan. Mendialdeko Azoka Ibiltaria eginen dute eta beste behin ere Mendialdeko nekazari, ekoizle eta artisauek plazara aterako dituzte beraien produktuak. Azoka 11:00etan hasiko da eta 14:00 aldera arte izanen da zer ikusi eta erosia jarriko dituzte hemeretzi postuetan.

Taloen bueltan ere izanen da aukera: 11:00etatik 12:00etara talo tailerra antolatu dute umeentzat eta taloaren inguruko tresnak, argazkiak eta dokumentuak ere ikusgai egonen dira. Jatekoa ere ez da faltako eta taloak eta antxumea burruntzian erreta dastatzeko aukera izanen da, baita gaztanbera nola egiten den ikastekoa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun