Eskolarteko topaketak eginen dituzte larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 28a, 15:00

Herrien arteko besarkada irudikatu zuten iaz Goizuetan egin zituzten topaketetan.

Eskolarteko topaketen 24. edizioa izanen da aurtengoa eta, urtero bezala, festan elkartuko dira Arano, Areso, Leitza, Goizueta eta Ezkurrako haurrak, gurasoak eta irakasleak. Goizaldean plaza izanen da festarako eremua eta eguerdian kalejiran eskolara joanda, bertan bazkaldu eta segiko dute festan.

Maiatzaren 31n, 11:00etan hasiko dira topaketak bisitariei ongietorria eginez. Karrapean haurrentzako tailerrak prestatuko dituzte eta 11:30etik aurrera, aurpegia margotu, eskulanetan aritu edo tatuajeak egiteko aukera izanen da. 12:30ean Erleta, Nazabal eta Andres Narbarte Xalto eskolek eta Euskara Zerbitzuak antolatutako sormen lehiaketako sari banaketa eginen dute. Lehenbizikoz antolatu dute lehiaketa, Lehen Hezkuntzako ikasleei egin diete parte hartzeko proposamena eta 284 lan bildu dituzte. Horietatik, bederatzik, kategoria bakoitzeko hiru lan onenek, sariak jasoko dituzte. 

Segidan, Leitzako erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da kalera eta 13:00etan kalejira joanen dira Erleta eskolara. Bertan, bazkalduko dute. Bazkalondoan segida izanen du festak: haurrentzako jolasak antolatu dituzte 16:00etan, indarrak berreskuratzeko arratsaldekoa egin eta dantzaldia hasiko da 18:00 aldera eta festan ibiliko dira 19:15 arte.

Leitzako Institutuan elkartu aurretik, elkar ezagutu eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak lantzea da festaren helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!