Berdabiora joanez borobildu dute Trabuko Bidea

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 20:00

Berdabio bidelapurraren pausoei segika ibili dira azken hilabeteetan Arainburu Mendi Taldekoak eta bere sortetxea bisitatuz borobildu nahi izan dute abentura. Maiatzaren 24an 60 bat lagunek osatu dute Trabuko Bideari bukaera eman dion ibilaldia. (Argazkiak: Maixe Aizpuru eta Arainburu Mendi Taldea)

Maiatzaren 24an, Arriurdiñetan egina zuten hitzordua Arainburu Mendi Taldekoek. Aldez aurretiko izen-ematerik gabe, ezin jakin zezaketen deialdiak izanen zuen erantzuna. 60 mendizale elkartu ziren 07:45erako, beste behin ere erakutsiz Trabuko Bideak ongi egina duela bere bidea.  

Ez zuten edozein abiapuntu aukeratu Arainburukoek. Arriurdiñetako harrobia funtsezkoa izan zen Goizuetako herriak bere herri lurren defentsan egindako ahaleginean eta horri buruzko azalpen bat emanez hasi zuten ibilaldia. Ondoren, Elama eta Añarbeko erreka zoko aldera abiatu ziren. Baso eta paraje zoragarri eta bakartiak igaroz, Gotzain eta Berdabiora ailegatu ziren. Bidean datu geografikoak eman eta bertako hainbat gertakizun gogoratzeko tartea ere hartu zuten. Erdibidea egina, Berdabion gosaldu, Trabukoren kanta kantatu eta indar berrituta, Udiko bizkarrera igo ziren. Unalbide eta Satorlepon barrena, Arriurdiñetara itzuliz amaitu zuten etapa. Trabuko bideari amaiera goxo bat emateko, Umore Ona elkartean bazkari eder bat eginez bukatu zuten eguna.

Arainburu Mendi Taldekoek eskerrak eman nahi izan dizkiete azken etapa hau antolatzeko beren laguntza eman duten hainbat herritarri: «gure eskerrik beroenak Patxi Bakerori Berdabioko xenden garbitze lanetan aritzeagatik, Ximon Apezetxea eta bere kuadrilari bazkari goxo hori prestatzeagatik eta proiektu honetan parte hartu duten guztiei». Ilusioz landutako proiektuari, ilusio berarekin eman diete bukaera: «esperientzi bikaina izan da, oroitzapen goxoekin gelditzen gara eta plazer haundi bat izan da hain jende jatorrarekin elkartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!