Eguzkiloreak eta Bitxiloreak nagusi Etxeko Memorialaren jardunaldi bikoitzean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 19:30

Lazkaon bi partidak irabazi zituen Bitxiloreak taldea (Iturriaga leitzarra, Galeano eta Agirre, Lizaso bertsolariarekin), pozik garaipenaren ondotik.

Ados pilota elkarteak antolatutako Etxeko Memoriala bertso pilota txapelketako jardunaldi bikoitza jokatu dute asteburuan, ortzirale arratsaldean Berriozarren eta larunbat eguerdian Lazkaon.

Bi partidak irabazi zizkieten Kukuprakak eta Mitxoletak taldeei, ortziralean Berriozarren eta larunbatean Lazkaon jokatutako jardunaldietan

Berriozarren ortziralean jokatutako jaialdian, Eguzkiloreak taldeak (Arrieta, Mendiburu eta Mujika, Uxue Fernandez bertsolariarekin) bi partidak irabazi zizkion Kukuprakak taldeari (Barrokal, Orbegozo eta Aranburu pilotariak eta Maialen Akizu bertsolaria).

Buruz buruko partidan, Mendiburuk 18-12 irabazi zion Barrokali eta binakakoan, berriz, Arrietak eta Mujikak 22-16 irabazi zieten Aranbururi eta Orbegozori.

Kukuprakak taldea urdinez eta Eguzkiloreak taldea gorriz, ortziralean Berriozarren. Gorriek irabazi zituzten bi partidak.

Lazkaon larunbat eguerdian jokatutako jaialdian ere Bitxiloreak taldeak (Agirre, Iturriaga leitzarra eta Galeano pilotariak, Xebastian Lizaso bertsolariarekin) bi partidak irabazi zizkion Mitxoletak taldeari (Arrastia, Ruiz de Infante eta Oskoz pilotariak, Angel Mari Peñagarikano bertsolariarekin).

Buruz buruko partidan Agirrek 18-16 irabazi zion Ruiz de Infanteri eta binakakoan, berriz, Iturriagak eta Galeanok 22-6 irabazi zieten Oskozi eta Arrastiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!