Herri lurren gaineko udal ordenantza berria indarrean jarri dute Areson

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 23a, 10:30

Maiatzean egin zuten herritarrekin ordenantza berria aurkezteko bilera.

Udalak herri lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza berritu du. Duela hogeita hamar bat urtekoa zen indarrean zegoena eta azaldu dute zaharkitua zegoela: «ez zen egokitzen gaur egungo errealitatera».

Garai batean, baserritar guztiek behar izaten zuten terreno edo garaleku bat eta lur komunalak ezinbestean behar zituzten bizirauteko. Orain, berriz, beharrak aldatu direla ikusi dute: «kontua da, jendeak inertziaz lur komunal horiek erabiltzeko baimena mantendu egin duela, lur horietako batzuk behar eta erabiltzen ez dituzten arren». Gainera, kasu batzuetan jabetzaren kontzeptua ere, ez dago behar bezain argi: «urte askotan erabili dituztelako beraienak direla sentitzen dute, baina komunala beti izango da herriarena eta agirietan ere hori argi zehazten da». Kontuan izan behar da Aresoko lursailen %90 inguru dela komunala. Horregatik, funtsezkoa da udalaren ustez lur horiei zentzuzko erabilera ematea: «komunala, herriarena da eta erabili behar badut zentzua izanen du nire izenean egoteak, baina erabilera hori ematen ez badiot logikoena udalari bueltatzea izanen da». Hala, pixkanaka, erabiltzen ez diren lursail horiek berreskuratu nahi ditu udalak: «landaketak egiteko, lanerako behar duenari emateko... eta sasiak jota badaude, besterik gabe garbitzeko».

Tasen igoera

Herritarrei gogoeta eginarazi nahi diete eta orain arte sinbolikoak ziren tasak igotzea izan da hartu duten bidea: «18 zentimo beharrean 20 euro ordaindu behar badituzte eta 2,50 euro beharrean 60 euro, benetan behar ote dituzten pentsatuko dute». Igoera horrekin, «mendian lanak egiteko, pistak berritzeko, ubideak konpontzeko... diru sarrera txukunago bat» lortuko dutela gaineratu dute.

Udalak eskura dituen agiriak zaharrak direla ere azaldu dute eta herri lurren banaketa zuzena zein den jakiteko herritarren laguntza eskatu dute: «informazioa ematera gonbidatu nahi ditugu. Denen artean herri lurren antolaketa txukun bat egin ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun