Aitziber Barandarain Caballero

«Herri eta jendarte aske batekin egiten dut amets»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 24a, 08:00

Aitziber Barandarain Caballero Leitzako gurasoa da.

Aitziber Barandarain Caballero Leitzako gurasoak erantzun ditu TTIPI-TTAPAk egindako hamaika galderak.

Nor da Aitziber Barandarain Caballero?

45 urteko emakumea, irakaslea eta ama.

Zein afizio dituzu?

Lagunekin zein familiarekin planak egitea, mendira joatea eta azken aldian niretzako denbora gehixeago dudan honetan, berriz ere irakurtzen ere hasi naiz.

Astebururako planik hoberena?

Familiarekin edo lagunekin mendi buelta bat egin eta ondoren bazkari bikain bat egitea.

Euskaraldian parte hartzen ari zara?

Bai noski!

Hika egiten duzu?

Gustatuko litzaidake! Idazteko arazorik ez dut baina hitz egiterakoan asko pentsatu behar izaten dut eta esfortzu handia suposatzen dit. Erronka bat da eta espero dut egunen batean lortzea!

Lehen Hezkuntzako irakaslea zara, zein da egoera eskoletan?

Gero eta behar gehiago ditugu baina baliabideak falta zaizkigu, azken urteetan lan karga izugarri handitu da baina ordu kopuru bera dugu, beraz, etxerako lana gehitu zaigu. Euskara aldetik ere hutsune handiak sumatzen ditut.

Eta zer aditzen duzu eskola atarian?

Ikasleek beraien artean gazteleraz aritzeko joera dute eta euskara eskolako hizkuntza bezala daukate, ez dute bere sentitzen. Askotan etxera bihotzeko minez etortzen naiz, ikasleei ere hori esaten diet eta harrituta gelditzen dira.

Guraso elkarteko kide ere bazara. Topaketarako zer antolatu duzue?

Bai, guraso elkarteko batzordeko kide izatea egokitu zaigu eta gainera aurten eskolarteko topaketak Leitzan izanen dira. Egun guztirako egitaraua antolatu dugu. Goizean ongietorriarekin hasi, tailerrekin jarraitu, literatur sariketa eta konpartsarekin kalejira. Eguerdian bazkaria, ondoren jolasak, merienda eta dantzaldiaren ondoren, iluntzean, festari bukaera emanen diogu lekukoa Aresori emanez. Egun polita izatea espero dugu!

Non dago Areso eta Leitzaren arteko muga?

Niretzako ez dago mugarik, bien parte bainaiz.

Zerk kentzen dizu loa?

Gure seme-alaba eta amalurraren etorkizunak kentzen dit loa. Izan ere, pobrezia, zapalkuntza eta kutsadura areagotuz doa eta mundua hilzorian daukagu.

Zerekin egiten duzu amets?

Herri eta jendarte aske batekin egiten dut amets.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun