Leitzako Institutuan elkartu aurretik, elkar ezagutu eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak lantzea da festaren helburua.
Maiatzaren 31n, 11:00etan hasiko dira topaketak bisitariei ongietorria eginez. Karrapean haurrentzako tailerrak prestatuko dituzte eta 11:30etik aurrera, aurpegia margotu, eskulanetan aritu edo tatuajeak egiteko aukera izanen da. 12:30ean Erleta, Nazabal eta Andres Narbarte Xalto eskolek eta Euskara Zerbitzuak antolatutako sormen lehiaketako sari banaketa eginen dute. Lehenbizikoz antolatu dute lehiaketa, Lehen Hezkuntzako ikasleei egin diete parte hartzeko proposamena eta 284 lan bildu dituzte. Horietatik, bederatzik, kategoria bakoitzeko hiru lan onenek, sariak jasoko dituzte.
Segidan, Leitzako erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da kalera eta 13:00etan kalejira joanen dira Erleta eskolara. Bertan, bazkalduko dute. Bazkalondoan segida izanen du festak: haurrentzako jolasak antolatu dituzte 16:00etan, indarrak berreskuratzeko arratsaldekoa egin eta dantzaldia hasiko da 18:00 aldera eta festan ibiliko dira 19:15 arte.
Bazkarirako txartelak maiatzaren 23ra egonen dira salgai: Goizuetako Amaia kafetegian, Leitzako Maimur eta Astitz liburu dendetan eta Aresoko Nazabal eskolan. Bazkaritarako zizka mizkak, haragi gisatua eta postrea prestatuko dituzte eta haurrek zortzi euro eta helduek hamabi euro ordaindu beharko dituzte. Goizuetatik Leitzara joateko autobusa ere jarriko du gizarte zerbitzuak eta aldez aurretik izena eman beharko da. Autobusa 10:15ean aterako da Goizuetako plazatik eta buelta, 19:30ean izanen da Anikote kiroldegitik. Bestela, kotxeak partekatzeko eskaera egin dute.