Goizukoop kooperatibatik abiatuta, beste urrats bat eman nahi izan dute hainbat herritarrek eta GoiEkhi energia komunitatea sortu dute. Eguzki energia erabiltzeko proiektua du eskuartean taldeak eta udaletxearen laguntza teknikoa izan dute proiektua martxan jarri ahal izateko. Eraikin publikoetako teilatuak utzi dizkiete eta teknikoki balorazio bat egin ondotik, lehenbiziko eguzki plakak frontoiko teilatuan jartzeko proiektua landu dute. Gainera, Nafarroako Gobernuaren %60ko dirulaguntza eskuratu dute.
Atzoko bilera baliatu zuten herritarrei proiektuaren nondik norakoak azaldu eta GoiEkhiko parte izateko gonbidapena luzatzeko. Interesa dutenek, izen abizenak eta argindar faktura bat bidali beharko dituzte goiekhikoop@gmail.com edo 656 77 79 09 whatsappera. Maiatzaren 16ko 18:00etatik maiatzaren 23ko gauerdira arte jasoko dituzte eskaerak. Hasierako proiektu honek parte hartzaile kopuru mugatua duenez, izen emate ordena errespetatuko dutela jakinarazi dute. Goizukoop kooperatibako kidea izatea beharrezkoa izanen da GoiEkhi komunitatean parte hartu ahal izateko. Goizukoopeko kide izateko Amaia kafetegian eta Zubidendan dauden eskaera orriak bete eta 90 euro ordaindu beharko dituzte.