Goizutrail lasterketa eginen dute maiatzaren 17an Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 15a, 11:00

Goizuetako plazatik abiatuko dira lasterkariak 09:00etan.

Lasterkariek hamaika eta hogeita sei kilometroko ibilbideak izanen dituzte aukeran; Goizuetako plazatik abiatuko dira denak 09:00etan

Maiatzaren 17an eginen dute Goizutrail mendi lasterketaren hamargarren edizioa. Lasterkariek bi luzera izanen dituzte aukeran: 11 edo 26 kilometrokoak. Ibilbide laburra binaka osatzeko aukera ere eskainiko dute. Hori bai, derrigorrezkoa izanen da bikoteko parte hartzaileetako bat emakumezkoa izatea eta lasterketa elkarrekin hasi eta bukatzea. Lasterketa 09:00etan hasiko da plazatik eta parte hartzaile guztiak bidezidor estu batetik igoko dira Aitasemegi auzora. Lau kilometro osatuko dituzte pista eta bidezidorretan barna eta Eneko Elorrira ailegatuko dira. Hemendik herrira jaitsiko dira, Espideko Soroa zeharkatuz. Ibilbide laburra eginen duten lasterkariek helmugarako bidea hartuko dute. Ibilbide luzeko lasterkariak aurrera segi eta Amonamotza, Loitzate  eta Arainbura igoko dira. Ondoren, Bentzuntzaraino segi eta Elamara jaitsiko dira, igoera txiki bat egin eta Arriurdiñetako gaina zapaldu, ibaia zeharkatu eta Espideko sororaino igo ondoren, herrira jaitsi eta helmugara ailegatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun