Dindaia fundazioak udako tailerrak eta haur txokoa eskainiko ditu Leitzan. LAGA Gizarte Zerbitzuak, Euskara Zerbitzuak eta Leitzako Udalak antolatu dituzte, udan etxetik ateratzeko deia eginaz. Ekainaren 30etik uztailaren 25era lau txanda izanen dituzte aukeran: ekainaren 30etik uztailaren 4ra, 7tik 11ra, 14tik 18ra eta 21etik 25era. Ikas mailaren arabera bi talde eginen dituzte: Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik.
Matrikula
Izena emateko epea maiatzaren 16an irekiko dute eta interesa dutenek, maiatzaren 23ra arte izanen dute aukera. Lehenbizi ordainketa egin beharko da eta gero, haur bakoitzari dagokion fitxa bete Iparmank.eus webgunean.
Prezioei dagokienez, aste eta ordu kopuruaren arabera aldatuko da. Hiru orduko (10:00etatik 13:00etara) edo lauko (09:00etatik 13:00etara) saioak izanen dira aukeran. Ordu kopuruaren arabera, aste baterako apuntatuz gero 38 euro (hiru ordu) edo 46 euro (lau ordu) ordaindu beharko dira; bi astetarako apuntatuta 68 euro edo 84 euro; hiru asterako izena ematen dutenek 95 euro edo 119 euro eta lau asteak hartuz gero 114 edo 143 euro.
Senide bat baino gehiagok izena ematen badute deskontuak eskuratuko dituzte: bi senide matrikulatuz gero % 12ko deskontua izanen dute eta hiru senide edo gehiago matrikulatuta % 30ekoa.
Informazio gehiago nahi duenak, LAGA Gizarte Zerbitzuetara (948 51 08 40) edo Euskara Zerbitzura (948 51 08 14) dei dezake.