Zazpizubietan elkartu dira Leitzako eta Berastegiko herritarrak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 12a, 18:00

Sorionekuak ekimenak egindako deiari erantzunez, Leitza eta Berastegiko herritarrak Frankiko Zazpizubietan elkartu ziren maiatzaren 10ean; Euskara etorkizuneko zubia dela irudikatuz. (Argazkiak: Tximutxe euskara taldea)

Maiatzaren 10ean, 11:00etan egina zuten hitzordua Frankiko Zazpizubietan leitzarrek eta berastegiarrek. Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan bat egin zuten bi herriek. Bertara oinez zein bizikletaz hurbildu ziren eta trikitilari eta txistulariei esker, ez zen musikarik falta izan. 

Dabid Anaut Leitzako alkateak eta Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak manifestua irakurri eta opariak trukatu zituzten. Leitzarrek Okille tailerrekoek egindako eguzkilorea eman zieten auzoko herrikoei opari eta berastegiarrek trukean gazta eta artzaintzari buruz herrian osatu duten liburua. Joanes Illarregi eta Iñigo Gorostarzu Etxeorde aritu ziren bertsotan. Taldeko argazkia atera eta hamaiketa ere egin zuten bakoitza bere herrira bueltatu aurretik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun