Zeliakia

«Osasunez hobera egiten duzula ikusteak dena konpentsatzen du»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 10a, 12:00

Aitor Bengoetxea Azpirotz I Leitza

«Orain dela hamar bat urte» jakin zuen Aitor Bengoetxea Azpirotzek zeliakoa zela, eta aitortu du «lehenbizian, sorpresa eta desilusio pixka bat» sentitu zituela. Gaixotasunaren lehenbiziko seinaleak, ordea, lehenagokoak ditu, nahiz eta berak ez jakin: «Lehen, kirol asko egiten nuen, baina 20 bat urtetik aurrera, neure burua motel sumatzen hasi nintzen, indar eta sasoi gutxiago, beti nekatua... Ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan. Analitikak egin eta beti erdi anemia nuela ateratzen zitzaidan, eta 'hola izanen da eta listo' esaten nion neure buruari».

Egoerak, halabeharrez, erabaki garrantzitsu bat hartzera eraman zuen: «Zeliakoa nintzela jakin gabe, neure burua hain gaizki ikusita, pilota profesionala uztea erabaki nuen». Asegarceko pilotari profesionala zen orduan, eta dioenez, «momentu hartan zeliakoa nintzela jakin izan banu eta dietarekin segitu, igual beste bide bat hartu izanen nuen». Duela hamar urte jakin zuen zer gertatzen zitzaion, «dermatitisa atera eta dermatologoak zeliakiaren sintoma izaten ahal zela esan zidanean». Orduantxe diagnostikatu zioten. 

Kontuak kontu, glutenik gabeko bizitza egiten hasi orduko, «gauetik egunerako aldaketa» sumatu zuen osasunean: «Hainbeste urtez gaizki ibili ondotik, glutena utzi eta berehalaxe, kristoren hobekuntza nabaritzen hasi nintzen, eta sasoia bueltatu zitzaidan». Eta bide horretan segitzen du. Etxean «arazorik gabe» moldatzen direla dio, baina etxetik kanpo, «bizi soziala baldintzatua» sumatzen du. «Kanpora ateratakoan, lagunarteko edo familiako otorduetan, dezente baldintzatzen du zeliakoa izateak. Beti erdi beldurtua egoten naiz, eta askotan gaizki sentitzen naiz jendeari 'kontuz, ogiarekin kutsatu gabe' esan behar diodalako. Baina hainbeste eragiten dizunean...».

«Erosketak egitera joaten naizenean, produktuak hartu eta goitik behera begira ibiltzen naiz»

Etiketen «menpe» ibiltzen dela ere onartu du: «Erosketak egitera joaten naizenean, produktuak hartu eta goitik behera begira ibiltzen naiz». Hortaz, garrantzitsua iruditzen zaio «produktu guziak ongi etiketatuak izatea, glutena baduten edo ez argi azalduz». Eta prezioaz ere aritu da, glutena duten eta ez duten produktuen prezioen arteko «alde kozkorra» aipatuz: «Ogia bezalako oinarrizko produktuak puskaz garestiagoak dira glutenik ez badute, eta bestelako kapritxoak oraindik garestiagoak. Prezio normalagoak eskatuko nituzke».

Bide batez, aholku bat eman du: «Askotan etorri izan zait jendea tripatik gaizki ibiltzen dela edo ogiak kalte egiten diola esanez. Probak egiteko esaten diet. Zeliakia baldin bada, denera bezala jartzen da eta osasun aldetik hobera egiten duzula ikusten duzunean, horrek dena konpentsatzen du».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun