Nafar guztiek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Ez dago, ordea, etxebizitzaren arazoari irtenbide azkar bat emateko formula magikorik. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, denen inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu du Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak: «beharrezkoa da administrazio publiko guztien inplikazioa, talde politiko guztiena, gizarte erakundeen sare zibil osoarena eta, oro har, herritar guztiena».
Hala, Nafarroako Gobernuaren apustuetako bat da etxebizitza-parke publikoa handitzea, Alokairu Poltsa sustatuz: «eskaintza publikoa indartu behar da, prezio eskuragarrietan etxebizitza bat alokairuan hartu nahi dutenei benetako irtenbidea eskaintzeko».
«Etxebizitza-parke publikoa handitu nahi dugu, Alokairu Poltsa sustatuz»
Begoña ALFARO
Hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria
Alokairu Poltsa hazten ari da sortu zenetik. Gaur egun 1.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen dituzte eta azpimarragarria da egitasmo honetan parte hartzen duten etxejabeen %50 baino gehiagok errepikatzen dutela.
Onurak eta bermeak
Etxebizitza Alokairu Poltsaren esku uzten dutenek segurtasuna eta bermeak ziurtatuta dituzte. Hasteko, maizterrarekin kontratua sinatzen den unetik kobratzeko ziurtasun osoa izanen dute. Gainera, Nasuvinsak kudeatzen ditu gerta daitezkeen gorabehera teknikoak, ekonomikoak eta sozialak. Lau hilabeteko errentaren pareko dirulaguntza ere eska dezakete jabeek eta errenta aitorpenean %70eko murrizketa fiskala lortzen dute. Gainera, komunitateko gastuak, 50 euro artekoak, bere gain hartzen ditu programak. Etxebizitza egokitzeko obretarako finantziazioa ere eskaintzen dute eta energia eraginkortasunaren ziurtagiria lortzeko izapideetan laguntzen du Nasuvinsak. Errenta aldia bukatutakoan etxebizitza jabeei egoera onean itzultzen zaiela ere bermatuta dago.
Baldintzak
Etxebizitza libreak, hutsik daudenak zein erabilitako babestuak utz daitezke Alokairu Poltsan, baina badira bete beharreko hainbat baldintza ere: bizigarritasun zedula, sukalde ekipamendua, hondakinen eta kontribuzio tasei eta bestelako ziurtagiriei dagozkionak... Xehetasun gehiagoren berri izan nahi duenak maiatzaren 13an, astelehenean, Leitzan egin behar duten hitzaldira joan, 848 42 060 telefonora deitu, Nasuvinsaren web orrian kontsultatu edo bolsaalquiler@nasuvinsa.es helbidera idatz dezake.