Euskararen alde Leitzako Zazpizubieta eta Lesakako Bereauko zubia beteko dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 7a, 12:00

'Euskara etorkizuneko zubi' lelopean euskararen alde Nafarroako zubiak betetzeko deia egin du  larunbatean Sorionekuak ekimenak. Eskualdean, Bortzirietako herritarrak Lesakako Bereauko zubi zaharrean elkartuko dira eta Leitza eta Berastegikoak Leitza Zazpizubietan. 

Sorionekuak plataformak egina duen deialdiarekin bat eginez, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Bortzirietako euskaltzaleei egun horretan Bereauko zubi zaharrean elkartzeko deia egin die 12:00etan elkartuko dira argazki erraldoia ateratzeko. Oinez edo bizikletaz joateko, 11:00etan elkartuko dira. Beratik abiatuz gero, Euskaldunan, eta Lesakatik abiatuz gero, Plaza Zaharrean.
 
Sorionekuak ekimenak egindako deialdiarekin bat egin eta Euskara, etorkizunerako zubi dela irudikatuko dute Zazpizubietan (Frankin). Leitzako eta Berastegiko herritarrek bat eginen dute bertan 11:00etan eta bi herrietako alkateek manifestua irakurri eta opariak trukatuz hasiko dute ekitaldia. Bi herrietako bertso eskolako haurren bertsoak ez dira faltako eta Zapeloatz ere dantzatuko dute. Elkarrekin argazkia aterako dute zubian eta hamaiketakoa ere izanen da. Giroa alaitzen, trikitilariak, panderojoleak eta txistulariak ariko dira. 
 
Nafarroako bertze hainbat lekutan ere elkartuko dira larunbat goizean: Garesen, Basaburuan, Larraunen, Ultzaman, Lakuntza, Irañetan, Esteribarren, Tafallan, Zangozan, Berbinzanan eta Aranguren ibarrean.
 
Arratsaldean, berriz, Iruñeko Kosterapean parean herri mobilizazioa eginen dute Ireki ateak euskarari lelopean. 17:30ean izanen da hori. Aitzinetik, 17:00etatik aitzinera Porrotxek ongi etorria eginen die haurrei eta 18:15ean Ene kantak ikuskizuna eta haurrentzako puzgarriak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun