Maiatzaren 8an, ostegunean, Gari Garaialde argazkilariaren ...eta bidean Irun. Begirada bat bidean doazen emakumeei erakusketarekin hasiko da Leitzako Kultur Aroa. Herri Aretoan, 18:30ean irekiko dute erakusketa eta segidan, Harrera herria: kulturarteko zubi solasaldia eskainiko du Gari Garaialdek Alaine Aranbururekin batera, Irungo Harrera Sareko kideak dira biak.
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak egindako deialdiarekin bat egin eta Euskara, etorkizunerako zubi dela irudikatuko dute Zazpizubietan (Frankin). Leitzako eta Berastegiko herritarrek bat eginen dute bertan 11:00etan eta bi herrietako alkateek manifestua irakurri eta opariak trukatuz hasiko dute ekitaldia. Bi herrietako bertso eskolako haurren bertsoak ez dira faltako eta Zapeloatz ere dantzatuko dute. Elkarrekin argazkia aterako dute zubian eta hamaiketakoa ere izanen da. Giroa alaitzen, trikitilariak, panderojoleak eta txistulariak ariko dira. Eguerdian, berriz, Seaskaren aldeko bertso bazkaria antolatu dute. Amets Arzallus eta Haira Aizpurua ariko dira kantuan Atekabeltzen.
Maiatzaren 15ean Taupada autoritarioak eta trumpismoa: zubiak ala harresiak? solasaldia eskainiko du Iratzar Fundazioko Andoni Olariagak Herri Aretoan, 18:30ean.
Maiatzaren 16an, Road konfesategia antolatu dute plazan 18:00etatik aurrera.
Maiatzaren 17an Urratsetan emanaldia eskainiko dute kiroldegian, Korrontzi musika taldeak eta Aurrera, Jeikadi eta Oinkari dantza taldeetako dantzariek. Emanaldia 22:00etan hasiko da.
Maiatzaren 22an goizean ikasleentzako solasaldi musikatua dute prest Herri Aretoan eta arratsaldean, Nafarroako sorgin ehizaz ariko da Nabarraldeko Iñaki Larramendirekin, udaletxean 18:30etik aurrera.
Maiatzaren 24an Kutsidazu bidea Ixabel antzezlan ezagunaren moldaketa taularatuko du Txalo Talo konpainiak. Herri Aretoan izanen da emanaldia 19:00etan.
Maiatzaren 29an, Ainarak ipuin kontaketa eskainiko du Amaia Elizagoienek. Aieneko garbilekuan egin dute hitzordua 18:30ean.
Ekainaren 14an, Sagardo Egunarekin borobilduko dute Kultur Aroa. Hamabosgarren edizioa izanen da aurtengoa eta 19:00etatik aurrera, herriko plazan Euskal Herri osotik ekarritako sagardoak dastatzeko aukera izanen da.