EUSKARAREN EGOERA

«Gehiagok egitea lortu dugu, baina okerrago aritzen gara gehienak»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 3a, 09:00

Fernando Oiartzun Sagastibeltza I Irakaslea eta teknikaria I Leitza

Euskara «herriko eta etxeko» hizkuntza du Fernando Oiartzun Sagastibeltzak, eta nahiz eta «gaztaroan, erdararen uholdearekin, utzixea» izan, gerora «oso bestelako harremana» izan du. Batetik, maila pertsonalean, «hizkuntza jakinduria aberasteari ekin nion zaharrengana joaz». Orain ere «noiznahi» joaten omen da haiengana, «ikastera, euskara zaharra aztertzera, bidenabar». Gisa horretara berreskuratu du hiketako Leitzako moldea, baita noka ere. Eta emaitza Hika eta toka. Noka ere toka! liburua da. Horren harira, aipatu behar da, Euskaraldiaren atariko, hiketan egiten laguntzeko liburuxka prestatu dutela Leitzan. Maiatzaren 16an aurkeztuko dute. Bestetik, alderdi profesionalean, «euskara irakaslea eta teknikaria» da Oiartzun. «Nire bizitzan gauzarik maiteenetakoa dudan kuttuntxoa da euskara».

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Arnasgunea omen da gurea, eta hala, orokorrean, egoera ona dela esan behar. Hala ere, geure burua engainatuko genuke on-ona dela esanen bagenu. Urte batzuetan gorantz joan zen bezala, gaur egun beherantz doala iruditzen zait, nola hiztun kopuruan, hala hizketako aberastasunean. Dena dela, betiere, pozik eta harro nago Leitzan oraindik euskara osasuntsu daukagulako, hiztun on asko ditugulako.

TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Euskarari eustea gero eta zailagoa dela dirudi. Alde batetik, gazteen bizitzan garrantzi handia duten gauzarik gehienak erdaraz askoz errazago jasotzen dituzte. Jakina, hor dira sare sozialak, musika, telebistako edo plataformetako serieak eta emankizunak... Bestetik, erdaldun franko ere baditugu inguruan, eta gero eta gehiago etortzen ari dira. Hala, konparazio baterako, dendetan, tabernan eta plazan-eta, euskaraz egiten ez duten gero eta herrikide gehiago ditugu, eta askotan ezin egin euskaraz. Gainera, bertakoak garenak ere batzuetan, euskaraz jakinagatik, ohitura aitzakia, gaztelaniaz aritzen gara lasai-lasai. Horren ondorioz, gaitasuna eskastu ahalean, maizago gaztelania erabili behar.

Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?

Horixe eta bera. Gainera, aldaketarik nabarmenena horretan dagoela esanen nuke. Kontuak atera hitanoa nola daukagun! Gaitasuna orokorrean hartuz gero, gurean, 80 urtez gorakoak elebakar izanduak dira haurretan edo familia elebakarra izandakoak dira, eta euskaraz askoz hobeki moldatzen dira gaztelaniaz baino. Horiek euskaldun oso-osoak dira, nire irudituan. 60-70 urte inguruko jendeak ere euskaraz oso ongi egiten du, askok gaztelaniaz baino hobeki. Hortik beherakook, adinean behera egin ahala, gazteago eta okerrago ariko gara euskaraz, nahiz eta belaunaldirik gazteenetan euskaldun kopururik altuenak ditugun. Gehiagok egitea lortu dugu, baina okerrago aritzen gara gehien-gehienak.

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Biak ezinbestekoak ditugu euskara sendo egon dadin, bizirik iraun dezan. Hiztun kopuru nahikorik ez baldin badago, erdaldunak gu baino gehiago baldin badira, euskara berriz etxeko sukalderako geldituko zaigu edo kalean gutxi batzuekin oso gutxitan egiteko,inguruan ulertzen ez digutenak izanen ditugulako nonahi eta noiznahi. Kalitatea dela eta, berriz, euskara eskasa eta pobrea erabiltzen baldin badugu, adierazi nahi duguna ezin asmatuz baldin bagabiltza, erdararen beharra gero eta handiagoa izanen dugu, erdarazko hitzak, esaldiak eta abar, gero eta gehiago sartuko ditugu geure jolasaldietan.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Euskara zuzena, egokia eta aberatsa: akats askorik ez duena; egokitasunez erabiltzen dena, kontuan hartuta ingurua eta egoera, eta adierazi nahi duguna esateko behar adinako baliabide dituena.

«Zenbat eta gazteagoa izan hiztuna, orduan eta jolas pobreagoa, oro har»

Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du. Zuri zer iruditzen zaizu?

Horretan dudarik ez dago. Nik ikusten dudanaren arabera, neure inguruan denak ari gara kutsatzen eta mintzoa pobreagoa erabiltzen. Eta hori gutxi balitz bezala, zenbat eta gazteagoa izan hiztuna, orduan eta jolas pobreagoa erabiliko dizu, oro har.

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?

Orokorrean bai, daitekeena da hori. Baina helduok ere ez gabiltza sobera horniturik. Jolas kaskartzea sumatzen dut nik familietan, bai haurrengan bai gurasoengan. Dena dela, makeste horretan zalantza bat sortzen zait, familian sumatu izan baitut fenomeno bitxi bat: haurrak eta gaxteak etxekoekin ari direnean hagitz ongi mintzatzen dira, etxean jaso duten bezalatsu, eta kanpora doazenean, lagunekin ari direnean, berriz, euskara traketsagoa eta eskasagoa darabilte, haien arabera beren artean erabiltzeko moldea hori baita. Molde zabarra lehenesten dute, akatsez eta erdarakadez josia, erdaraz esaldi osoak sartuz, haien erregistrotzat hori daukate. Jakina, hiketako erregistro informala ere galdu ahala, bestelako baliabideak behar gazteak haien artean eroso egoteko euskaraz ari direnean. Ongi jakin arren, apropos egiten ote dute gazte askok beren artean arrazoi horregatik? Baiezkoan naiz ni.

Haurren eta helduen euskarari dagokionez, zer aldaketa sumatu dituzu?

Aldaketa handia gertatu da, bai. Jakina. Aldaketa orokorra. Hizkuntzaren bizitasuna, adierazkortasuna, kolpaturik dago. Gauzarik errazen eta sinpleenetatik hasita gainera. Gauzarik arruntena eta ohikoena esateko garaian ere aldea handia da. Begira adibide hauek, gaur egungoak, aldaketaren erakusle: Agurtzeko garaian, «hola» da ohiko eta agur bakarra; Nola gauden galdetuz gero, erantzuteko «ongi» edo «sinmas» edo, esanen dizute; komunera joateko baimena eskatzeko «al dot komonera joan?« da egungo modua; eguneroko gauzez ari garenean, proposamen bat egiteko garaian, konparaziora «joaten gara plazara?» adituko duzu; lehenaldiko kontuak esateko garaian, «attek eaman ziun Lekunberrira» esanen dizute, aditz okerrak erabiliz... Erregistroei dagokienez, berriz, zer esanik ez! Nori nola egiten diogun nola desberdindu gaur egun? Guztiokin zuka eta modu berdintsuan, amona izan edo lagun kuttuna izan...

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Zer etorri zaizu burura?

Ba, esaldi horrek ez diola erantzuten gaur egungo egoerari erdaren uholdea eta gizakion migrazio mugimenduak hain handiak izanda.

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?

Neurri handi batean egia dela. Neronek ikusi eta entzun izan dut haur bat hizketan xahar batekin, hemen bertan herrian, eta haurrak dioena zaharrak ez ulertzea: haurrak hau esanda «Al dot erosi?» Eta aitona ezin ulertuz gelditu, hasiera batean, «erosi al dezaket» esperoko zuen eta. Eta alderantzizkoa ere askotan, zaharrak esandakoa gazteok ez ulertzea. Orain berriro samar neroni gertatua, konparaziora: Miel Sukuntzarekin hizketan ari nintzela zahartzaroaz, hau esan hark: «hemen gure auzoan zaharrak denak etxen erazotzen hittuen». Eta nik ulertu ez. Erazo hemengo hizkeran kuidatzea dela ez bainekien nik orduan.

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?

Belaunaldien arteko komunikazio etena eta harreman aldaketa: zaharren esanak gero eta balio gutxiago baitute gaur egun. Munduaren aldaketa ikaragarria baita, teknologia eta joera berriekin. Telefono mugikorra, sakelakoa, erdigunean baldin badugu, herriko hizkera non gelditzen zaigu?

Zerk huts egiten du?

Jendearen baloreak, etika, lehentasunak eta ametsak aldatzen ari direlakoan nago. Munduan egoteko modu berriak daude: etxekoak eta bertakoak (pertsonak, sinesmenak, gauza arruntak....) baino gertuago dauzkagula urrutikoak pantailen bitartez, beteak beste: musika, kultura, lagunak, joera sozialak...

«Norberak garbi izan behar du euskara berea duela, lehenesten duela, maite duela,... Eta hortik aurrera dena errazagoa da»

Euskarak prestigioa behar du?

Egia esanda, ez dakit zer behar duen. Nire irudituan, norberak garbi izan behar du euskara berea duela, lehenesten duela, maite duela,... Eta hortik aurrera dena errazagoa da. Nola transmititu belaunaldi berriei, ordean, balore hori egungo mundu zoro honetan?

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?

Nik esanen nuke bertakoa dugula, geurea dugula, garbi dugula guziok. Baina, beharbada, besterik gabe. Hau da, euskaraz egiten dugula herrian badakigulako, hala etorri zaigulako, baina harekiko konpromiso berezirik gabe. Dena dela, ez nago seguru.

Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?

Emozioen mundura eraman gure hizkuntza txikitatik. Maite dugulako sentipen hori zabaldu. Lehenetsi uneoro, zabarkeria alde batera utzita.

Zerbait gehiago erran nahi duzu?

Baikorrago azaldu nahi nuen, horretarako ere arrazoi asko ba baititugu; izan ere, euskarak eremu asko irabazi ditu azken urteetan eta hiztun berri asko sortu dira... Hala eta guztiz ere, kalitateaz galdetuz gero, nire lanbideak eta jarrerak ezkortasunerantz eraman naute. Tira. Arraionea! Ahaztua nengoen hiketako Leitzako taldeaz: taldetxo bat osatu genuen duela bi urte, ikastaroa eman eta oraindik ere topaketak eta saioak egiten ditugu. Erregistroak berreskuratzen ari gara. Noka berpizten ari gara! Geure euskara goxatzen eta aberasten! Izan gaitezen arduratsuak eta baikorrak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!