Euskara da Oihana Lujanbio Begiristainek «egunerokoan» erabiltzen duena: «familian, lagunekin, nahiz lanean». Ikasketak ere euskararen bueltan egin zituen, Euskal Filologia ikasiz, eta soziolinguistika gaietan formatzen eta ikertzen segitu du. Tesia ere euskararen inguruan egina du, Nafarroako ipar-mendebaldeko euskara nola aldatu den ikertuz, eta oraingo bere lana ere euskararekin lotua dago: «alde batetik, euskarari buruz ikertzen, eta bestetik, unibertsitateko ikasleei euskara ahoz eta idatziz erabiltzeko tresnak ematen» aritzen da.
Zure inguruan zein da euskararen egoera?
Oso ingurune euskaldunekoa naiz, Goizuetakoa, eta egunerokoa euskaraz egin daitekeen herrian bizi naiz, Leitzan.
TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?
Gure eskualdean, Leitzaldean, euskaldunen kopurua altua izan da betidanik. Gaur den egunean aldaketak bizi ditugu, eta lehen euskaldunak joaten ziren bezala kanpora lanera, orain beste herrialdeetako jendea heldu da guregana. Hor erronka handi bat dugu, euskararen arnasgune diren herriak hala izaten jarraitzea nahi badugu, behintzat.
Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?
Beti esaten da gazteek okerrago hitz egiten dutela; historian zehar hizkuntza guztietan daude aipamenak gazteen hizkera traketsari. Gurean gertatzen dena da hizkuntza egoera diglosiko batean gaudela, alegia, gure hizkuntzak ez duela beste batzuek bezainbeste indar, eta hortik etortzen zaigu aldaketa beste hizkuntzetarantz. Izan ere, nola ziurta dezakegu gure gazteek euskara txukunaren nahikoa adibide jasotzea eta hori erreproduzitzea?
Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?
Biek dira beharrezko. Kontua da orain arte indar gehiago jarri dela hiztun kopurua gehitzean, beharbada. Eta egin beharrekoa zen, e? Baina orain konturatu gara horrek ez duela, berez, euskararen kalitatea bermatzen.
Zer da zuretzat kalitatezko euskara?
Gure beharrak eta bizipenak adierazteko euskara aberatsa eta egokia, gure aurrekoek erabili izan dituzten esateko moduei eusten diena, gaur egungo kontzeptuak ere barnean hartuz.
Jon Sarasuaren «jarraidura eta irekidura» terminoak etortzen zaizkit burura honekin lotuta: aurrekoarekiko nahikoa «jarraidura», eta gaur egungo beharretara behar adina «irekidura» behar du gure hizkerak. Oreka bat behar du gure hizkuntzaren ezaugarrien eta gaur egungo komunikazio beharren artean. Hori kalitatez nola egin? Hor dago gakoa.
Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du. Zuri zer iruditzen zaizu?
Hala esaten da beti, bai. «Ikusi nizun» eta halakoak esaten direla, erdararen egitura hartuta, edo erdarazko terminoak erabiltzen ditugula. Niretzat ere egia da erdarazko hitz asko erabiltzen ditugula. Horretarako arrazoiak dira, alde batetik, kontzeptu berri asko ditugula, adibidez, informatikan, kirolean, zientzian… Lehengo garbizalekeriatik kontrako aldera pasa gara, beharbada, eta ez ditugu itzultzen bodypump bezalako hitzak. Ez da erraza, aldi berean: nola itzuliko genuke? Itzulita ere, nork erabiliko du hitz berria? Bestetik, esan bezala, hizkuntza handien eragina hor dugu eta haietatik ihes egitea zaila da.
«Kontua da, hizkuntza kamutsa izan nahi ez badugu, erabili egin behar dela»
Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?
Gazteengan ardura hori jartzea ohikoa dela esan dut jada. Eta normala da hala ikustea askok, desberdintasunak nabaritzen ditugulako gure zaharren hizkeratik haienera. Baina ez dut uste ardura guztia beraiengan jarri behar denik. Kontua da, hizkuntza kamutsa izan nahi ez badugu, erabili egin behar dela. Aizkora eta halako tresnekin gertatzen da zenbat eta gehiago erabiltzearekin kamustu egiten dela; hizkuntzekin aurkakoa gertatzen da.
Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?
Nire tesia gai horren gainean egin nuen eta ondorioa izan zen baietz, aldatu dela hizkera gure zaharretatik gazteetara. Espero izatekoa zen, euskara batuaren eta erdialdeko euskararen (gipuzkeraren) eraginez gurean ere aldaketak egotea. Aldaketak daude aldaera batzuetan, adibidez, izain/izango, dualakoz/dualako, arrunt/oso, bede/ behintzat, eztikit/eztakit, patu/jarri, zerbette/zeoze… Prestigio edo presentzia gehiago duen hori erabiltzera pasatzera ohikoa da hizkuntza guzietan.
Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?
Ados, bertakoek bereari eutsi behar diote. Baina gehituko nuke euskara ez dakitenek ere ikasi behar dutela, haiekin hitz egin eta komunikatu ahal izatekotan. Izan ere, bestela beti gure bizkar ari gara jartzen ardura guztia, eta komunikazioa bien arteko kontua da.
Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?
Beldur ohikoa eta Lazkao Txikiren poetikotasunaz azaldua, ezta? Egia baita oharkabean sartzen zaizkigula hainbat hitz, ahoskera, doinu, etab. Eta horri autobide zabala ez uzteko, lehen pausoa hortaz ohartzea da. Egunerokoan eskura bi hizkuntza edo gehiago ditugunontzat eguneroko ogia da bien arteko interferentziak egotea. Gaztelania zenbat eta gehiago jaso, entzun eta erabili, errazagoa izanen da hura erabiltzea, ohartu gabe. Hori da gure errealitatea, gaztelania nagusi baita gure eguneroko hainbat egoeratan; komunikabideetan, bereziki.
Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?
Ba gaztelaniarekin bezala; nagusigoa baldin badu beste hizkera batek, hori joanen da gureari lekua kentzen, oharkabean eta pixkanaka. Handiak ttikia jaten du.
«Askotan, euskara batua dena baino itxiagoa egiten dugu, eta gure hizkerako hitzak, doinua… bertan erabiltzea posible bada ere, ez ditugu sartzen»
Zerk huts egiten du?
Garrantzitsua da hizkera bakoitzari bere lekua ematea: eskolako aurreneko mailetan bertako hizkera erabili daiteke, eta erabili behar da. Kontua da beste herrietako irakasleak eduki ditzakegula eta, nahigabe, beraien eragina hor dagoela. Esan bezala, komunikabideena ere bai. Eta horretaz gain, askotan, euskara batua dena baino itxiagoa egiten dugula, eta gure hizkerako hitzak, doinua… bertan erabiltzea posible bada ere, ez ditugula sartzen. Adibidez, deus, pa(ra)tu, eginen/joanen… erabili daitezke batuan ere, baita gure doinua ere. Hori onartuta dago eta norbere doinua erabiltzeko esaten digute Euskaltzainditik, hizkera formalean ari garenean ere. Baina askotan, herritik kanpokoekin edo euskaldun berriekin hitz egitean ez dugu asmatzen gureari eusten: ulerterrazago egin nahi dugunean, batzuetan bestearen hizkerara egiten da salto. Zuri edo beltz. Eta ez du zertan hala izan; gure hizkera mantendu eta hitzak osoago egitea besterik ez genuke egin behar.
Beste kontuetan bezala, hizkuntzan ere kontzientzia lantzea oso garrantzitsua da: nola hitz egiten dugu eta nola nahi dugu?
Euskarak prestigioa behar du?
Nik uste dut gure inguruan baduela prestigioa, Goizueta eta Leitza inguruan. Kontua da euskara beharrezko ez den heinean, jende askok beste hizkuntza batekin moldatu ahal badu, ez duela ikusten bere burua euskaraz aritzera «behartua». Txepetx soziolinguistak zioen bezala, motibazio nahikoa izatean ikasiko da hizkuntza bat, eta nahikoa ezagutza izatean pasako da hiztun hori hizkuntza erabiltzera, horretarako hizkuntza egoera egokia badu.
Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?
Jarrera ona nabaritzen dut nik euskararekiko, oro har. Beste kontu bat da euskara ez dakienak denbora eskaini behar diola horri, eta askotan pertsona hori bizi dela egoera prekarioenean eta, gainera, euskara ikasteko denbora eta dirua atera behar duela.
Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?
Euskara familiatik heldu ez zaienei begira, bi gauza egin daitezkeela ikusten dut: batetik, etorri berriei harrera egitean, hemengo hizkuntza egoeraren berri eman behar zaie, horren jakitun ez daudelako askotan. Horrekin batera, beraien hizkuntza abiapuntua ezagutzea eta kontuan hartzea ere ezinbestekoa dela uste dut: beraien jatorrizko hizkuntza ere gutxitua da? Hala bada, gure egoerarekiko enpatia izatea errazagoa izanen da. Gauden egoeran ezin ditugu gure hizkuntza ikastera behartu, baina lortu ditzakegu aliatuak.
Bestetik, euskaldunek hainbat gauza egin ditzakegu, besteei eskatu aurretik: gure hizkuntzan arreta jarri eta zaindu dezakegu. Erabakiz zein hitz erabiliko dugun eta, hizkuntza informalari begira, adibidez, gure baliabide bat berreskuratuz: hika. Lagunartean eman dezakeen jokoa esperimentatzera eta erabiltzen ausartzera animatzen ditut denak, gizon nahiz emakume.