75 lagunek osatu dute Trabuko Bideko azken etapa

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 29a, 19:00

Berdabiok baino bukaera gozoagoa izan zuten Trabuko Bidea osatu zuten 75 mendizaleek. Apirilaren 26an egin zuten Oteitza eta Iruñea arteko etapa eta bazkari batekin ospatu zuten helmugara iritsi izana. Omenaldi eta eskertzarako tartea ere hartu zuten eta Trabukoren kanta kantatuz borobildu zuten eguna. Arrakasta ikusita, Berdabio baserria eta ingurua bisitatuz mendi irteera bat prestatzen hasi omen dira Arainburukoak. (Argazkiak: Arainburu Mendi Taldea)

Lau etapetatik laburrena zen berez, baina bukatzeko penaz akaso, luzeena suertatu zela azaldu dute Arainburu Mendi Taldekoek: «Iruñea urrutirago eraman ote zuten kezkatu ere egin ginen momenturen batean, goizean 10:00etan hasi eta 15:00etan juxtu-juxtu iritsi ginen jatetxera». 

Aurreko irteeretan bezala, Jose Jabier Etxeberriak eta Miel Joxe Lekuonak bidearen ezaugarriei eta historiari buruzko azalpen batzuk eman ondoren hasi zuten ibilaldia. Berez zailtasun berezirik ez zuen ibilaldia izan arren, euriaren eraginez buztinezko bide irristakor bihurtu zen  bidezidor estuan, bata bestearen atzetik igo eta jaitsi behar izan zuten Ezkabara, «ipurdiko batzuk hartuz tarteka marteka». San Kristobalen, bertako historia pixka bat azaldu eta gero, Zumalakarregiko atetik sartu ziren Iruñera; hemendik Berdabio eta bere lagunak giltzaperatu zituzten tokira iritsi arte.

Azken etapa hau borobildu eta Trabuko Bideko amaiera ospatzeko bazkaria egin zuten Iruñeko Geltoki tabernan. Omenaldi eta eskertzarako tartea ere hartu zuten: Trabuko Bidea osatu izanaren erakusle diren kredentzialak banatu, Esteban Arotzenak egindako bertsoak kantatu, Iñaki Etxeberriak hitzordurako egindako kamisetak banatu, Patxi Iribarrenek dantzatutako aurreskua... emoziorik ez zen falta izan. Trabukoren kanta kantatuz borobildu zuten eguna. Arrakasta ikusita, Berdabio baserria eta ingurua bisitatuz mendi irteera bat prestatzen hasi omen dira Arainburukoak.

Esperientzia bikaina azpimarratu izan dela dute antolatzaileek: «gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei eta laguntza eman diguten guztiei». Elementu asko uztartu dira proiektuan: «historia, euskal giroa, natura, Berdabioren bertsoak, Laboaren kantuak, Patziku Perurenaren ikerketa eta idazlana eta erdi gordean zeuden bideetan barna berriz ere ibiltzea». Historian atzera egiteko aukera ere izan da: «duela 300 urte erregidore, guardia, preso eta mandazainek egindako  bideari berriro ere bizia emateko saiakera izan da, Pasaitik Iruñera doan oinezko bide zuzena ezagutaraziz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!