Nafarroako Irekiko finalerdietan izanen da Goiuri Zabaleta

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 28a, 14:00

Erasun, Etxegarai, Capellan eta Goiuri Zabaleta larunbatean Lodosan. Bikote gorriak lortu zuen finalerdietarako txartela.

Capellanekin batera, 22-11 irabazi zieten Etxegarairi eta Erasuni larunbatean Lodosan

Nafarroako Irekiko finalerdietako protagonista zein izanen diren erabaki zen larunbatean Lodosan jokatutako jardunaldian. Goiuri Zabaletak eta Capellanek eta Salsamendik eta Mendiburuk, datorren larunbatean Altsasun, eta Ibarrolal eta Gamindek, Aldairen eta Arrillagaren aurka, igandean, Lekunberrin, jokatuko dituzte txapelketa eder honetako finalerdia, maiatzaren 11n Labriten jokatuko den finalerako txartelaren bila.

Lodosako larunbat arratsaldeko jaialdia Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalagaren arteko "klasikoarekin" hasi da. Partida honek beti sortzen du interesa, txapelik gehien duten bi aurrelariak baitira bi bizkaitarrak. Ez zuten bakarrik jokatu, ordea, eta partidan garrantzi berezia izan du Miriam Arrillagaren lanak, Mendizabal baino gehiago izan baitzen koadro luzeetan eta Aldaik ez zuen barkatu bikotekideak emandako abantailari etekina ateratzerakoan, partida gogorra eta lehiatua irabazteko (22-14). Aldaik eta Arrillagak txapelketa honetan kontuan hartu beharreko bikotea direla erakutsi dute.

Baina Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Capellanek ez dute gutxiago izan nahi eta lehen partidako irabazleen pareko erakustaldia eman ondotik lortu zuten Altsasurako txartela. Albisterik onena, gainera, Goiuri Zabaletak zenbait astez kantxetatik aldenduta izan zuen prozesu biriko hori atzean utzi duela baieztatu izana izan zen. Leitzakoak, ohi duen bezala, postura guztietako tantoak bukatu zituen. Andrea Capellanen laguntza paregabea izan zuen. Atzelari errioxarrak bere aurrelariari gauzak asko erraztu zizkion atzean, partida sendoa jokatuta. Azkenean, 22-11 irabazi zieten Etxegarairi eta Erasuni.

Emaitza hauekin Altsasu eta Lekunberrin, finalerdi erakargarriak espero dira. Lehen galbahea gainditu duten bikoteek maila bikainean aritu dira lehen fase honetan eta finalerdietarako partida handiak espero dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun