Familia langile izateko bi lanposturen eskaintza egin du LAGA Gizarte Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 24a, 19:00

Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskainiko dute bi langileek. (Argazkia: Freepik)

Oposizio lehiaketa bidez beteko dituzte lanpostuak eta eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 14an bukatuko da. 

Leitzan, Areson, Goizuetan eta Aranon Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eskaintzeko bi langile kontratatuko dituzte, bat lanaldi osoan eta bestea lanaldi erdian. LAGA Gizarte Zerbitzuak egin du deialdia eta oposizio lehiaketa bidez beteko dituzte bi lanpostuak. 

Kontratatzen diren langileek eskualdeko gizarte zerbitzuaren egoitzatik (Leitzatik) lantoki zehatzetara joan beharko dute. Langile bakoitzak bere kabuz egin beharko du joan-etorria, eta Mankomunitateak ordainduko du kilometrajea, Nafarroako Gobernuak unean-unean ezarritakoaren arabera.

Bi hilabeteko probaldia ezarriko dute, eta, epe horretan, aldeetako edozeinek kontratua bertan behera utzi ahal izanen du.

Kontratatzen diren langileek Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan kontratudun langile finko izaera lortuko dute. Eskola Graduatuaren baliokidea den gutxieneko titulazioa behar denez, D mailako lanpostuak izanen dira eta plantilla organikoan eta gainerako xedapen aplikagarrietan aurreikusitako ordainsariak eta osagarriak jasoko dituzte. Halaber, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie.

Deialdiaren oinarriak eta eskakizunak hemen kontsulta daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun