Ez dira gutxi kontatzeko dituenak, bera da Areson bizi den pertsonarik edadetuena: «urtarrilaren 6an, Errege Egunean, bete nituen 91 urte».
Hizketaldi goxoak erakarrita, ez zaio konpainiarik falta gehienetan, baina bestela topatzen du zerekin entretenitu: «TTIPI-TTAPA aldizkaria gustura leitzen dut. Atzo bukatu nuen azkenekoa leitzez». Hasieratik hasi eta bukaeraraino, «puntatik puntara, letra handienak leitu eta fotografiak ikusten» omen ditu. TTIPI-TTAPA aldizkaria esku artean eduki aurretik, euskaraz ezer gutxi irakurria zen: «eskolara askorik ez nintzen joan, baserrian nahikoa lan izaten genuen. Gaueko eskolan ikasi nuen zerbait, baina dena erdaraz». Mingaina eta burua arinak izan eta arituan arituz ohitu zen euskaraz irakurtzera: «ongi moldatzen naiz orain».
«TTIPI-TTAPA aldizkaria gustura leitzen dut»
Pilota zalea ere bada, «ostiraletan, larunbatetan eta igandetan telebistan ematen dituzten partida guztiak ikusten ditut». Gazte garaian pilotan dezente aritutakoa da: «baserrian lanean aritzen ginen lurrera erori arte eta gero iluntzean plazara pilotan aritzera joaten ginen». Lanak erdizka utzita ere bai batzuetan, «ardietan marmita utzi, pilotan saio bat egin eta gero berriz ere ardietara». Ez zen pilotarako nekerik izaten: «burdina baino gogorragoak ginen garai hartan».
Gaur egungo pilotarien baldintzak izan balituzte, bestelakoak izango omen ziren kontuak: «gu aritu bai, baina aritu bakarra. Ez genuen hortik aurrera biderik egiterik». Mingainari tiraka, ordea, hainbat txapelketetan parte hartu zuela kontatu du: «Goizuetan Joxe Saizar eta biok jokatu genuen Salaberria anaien kontra. Galdu egin genuen, baina gogoratzen naiz jendea nola joan zen herritik autobusean gu ikustera». Iruñean ere jokatu zuen: «Salaberria anaien partez joan eta Errioxako txapeldunen kontra jokatu genuen. Hogeita bana berdindu genuen eta azkenean guk, irabazi».
Pilotan aritzea maite
Pilotan aritzea maite zuen, baina nahi baino gehiago sufritzen zuen: «eskuan ez genuen takorik eta halakorik jartzen eta asko sufritzen nuen. Kontrarioak ikusitakoan erraz irabaziko niela pentsatzen nuen, baina gero minez pilotari ezin jo». Nostalgia puntu batekin oroitzen ditu aspaldiko garaiak: «Areson orduan pilotan egunero hamasei bat mutil aritzen ginen. Leuna egoten zen plaza eta orain lakatz askoa egongo da; ez da pilota soinurik aditzen».
Ez da herrian aldatu den gauza bakarra, «hau dena lohia zen. Plaza zaharrean aska zegoen eta behiak horra ekartzen genituen ura edatera. Eliza bidea ere gurdi bidea zen». Zalantzarik gabe dio, «hobera egin du». Aresoar peto-petoa izanik, gaineratu du: «niretzat ez dago munduan Areso baino toki hoberik». Herrian baino hobeki ez omen da inon egoten: «bi urtetan joan ginen Benidormera, andrea eta umeengatik, eta ez nintzen nahi ordurako etxera bueltan etorri».
«Gure garai bateko bizimodua tristea zen»
Bizimodua aldatu
Bizimodua asko aldatu dela dio, «gure garai bateko bizimodua tristea zen. Lana, lana eta lana... neguan ongarria eta udan belarra, eta dirurik ez». Nahikoa lan eginda iluntzean etxera etorri eta abisua ere izaten zuen, «paketeen eske joan behar genuela, kontrabandoan. Ia-ia Goizuetaraino joaten ginen paketeen bila eta goizeko seiak aldera ailegatzen ginen herrira. Ez pentsa lotara joaten ginenik, berriz ere marmita hartu eta ardiak jeztera». Hogeita hamabi kiloko paketeak garraiatzen omen zituzten eta herrian txoko batean edo bestean gorde, «gure baratzean ere gorde izan genituen. Guardia zibilak noiznahi etortzen ziren herrira, baina baratzean begira ez ziren hasten. Nahiago zuten baserrietara joan, han gazta ematen zietelako».
Baserriko lana eta kontrabandoa uztartu zituen hainbat urtez eta 31 urterekin hasi zen Leitzako paper fabrikan lanean, «orduan hasi nintzen dirua ikusten. Lehenago hasi izan banintz, askoz hobe».
Hirurogeita bat urterekin hartu zuen erretiroa eta geroztik, lasai bizi da etxe inguruan. Eguzkia den egunetan, ez da urrutira joan behar bere bila. Etxeko atarian egongo da mingaina dantzatuz, parekoa zirikatuz eta berea duen irribarre pikaroarekin haserre guztiak saihestuz.