Ikusmin handia piztu du Aurrerak antolatutako areto futbol txapelketak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 22a, 20:00

Apirilaren 17an, 18an eta 19an jokatu zuten Leitzako Areto Futbol Txapelketa eta antolatzaileen esanetan harrera bikaina izan zuen bigarren edizioak: «argi gelditu da badela futbolerako afizioa, kiroldegiko harmailak bete ziren hiru egunetan». (Argazkiak: Aurrera Futbol Taldea)

Apirilaren 17an, ostegunean, goizeko bederatzietan hasi zen txapelketa.  Hamalau taldek emana zuten izena: hamar taldek mutiletan eta lauk nesketan. Hamabi orduz, gaueko bederatziak arte,  jokatu zituzten sailkapen faseko partiduak. Apirilaren 18an, ostiral goizean, segi zuten txapelketarekin eta arratsaldean jokatu zituzten nesken finalaurrekoak eta mutilen final zortzirenak. Egun batean zein bestean, jendez bete ziren harmailak: «giro oso ona izan zen txapelketan eta ikusleen erantzuna bikaina izan zen».

Apirilaren 19an, larunbatean, jokatu zituzten txapelketako finalak. Nesketan, Iruñeko Baraibar Capital eta Berastegiko Tigre Haundittuk taldeak aritu ziren aurrez aurre. Lehia estua izan zen bukaerara arte, azken minutuan berdintzea lortu zuten berastegiarrek eta penaltietan erabaki zen partidua. Laugarren penaltian, huts egin zuten berastegiarrek eta Iruñeko taldeak lortu zuen garaipena.

Mutiletan ere, bukaerara arte, ez zegoen argi nork irabaziko zuen txapelketa. Samba eta Nottingham Miedo taldeak iritsi ziren finalera eta azken minutuei etekina aterata 6-2 irabazi zuen Samba taldeak. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartzaile guztiei: «hamalau taldek eman dute izena aurtengoan eta horrela, nesken eta mutilen txapelketa antolatu ahal izan ditugu. Ea datorren urtean talde gehiago erakarri eta txapelketa hazten joatea lortzen dugun». Babesleei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete: «horiei esker hainbat sari banatu ahal izan ditugu».

  • NESKEN TXAPELKETA
    • Txapeldunak: Baraibar Capital.
    • Txapeldunordeak: Tigre Haundittuk.
    • Hirugarrenak: Man-txitas.
    • Finaleko jokalari hoberena: Lorma Nichama.
    • Txapelketako jokalari hoberena: Olaia Iriarte.
    • Pitxitxia: Mireia Barriola.
    • Atezain hoberenak: Haizea Belauntzaran eta Arrate Otermin.
  • MUTILEN TXAPELKETA
    • Txapeldunak: Samba.
    • Txapeldun-ordeak: Nottingham Miedo.
    • Hirugarrenak: Joga bonito.
    • Finaleko jokalari hoberena: Ibai Sagastibeltza.
    • Pitxitxia: Omar Ugartemendia.
    • Atezain hoberenak: Aiuri Beloki eta Joritz Oyarzabal.

Txapelketa honekin, areto futbolari bultzada eman nahi izan dietela azaldu dute antolatzaileek: «azken urteetan dezenteko gainbehera izan du areto futbolak Nafarroan. Gisa honetako txapelketak ikusgarritasuna eman eta afizioa sortzeko baliagarriak izan daitezkeela uste dugu». Aipatu behar da txapelketari babesa adierazteko Charly Morteruel areto futboleko jokalari ohia bertan izan zela finalak ikusten. Gainera, federatutako arbitroak ere kontratatu zituzten, finalari seriotasuna emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun