«Liburutegiaren zentzu unibertsala» nabarmendu dute ekitaldian parte hartu duten ordezkari guztiek. 2020an jarri zuten martxan Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Liburutegi Ibiltaria eta bost urte hauetan Elena Arteta eta Harkaitz Delgado liburuzainek beraien auto partikularra erabili dute herri batetik besterako joan-etorriak egiteko: «behar bati erantzun eta herritar guztiona den eskubide bat da bermatu nahi izan duguna». Hala azaldu du Delgado liburuzainak: «bizi zaren tokian bizi zarela ere, herritarrei informazioa eskuratzeko aukera berdintasuna bermatu behar zaie». Liburutegi Ibiltariak orain arte egindako bidea ere azaldu du: «kartoizko fruta kutxekin hasi ginen, egurrezko kutxetatik pasa eta gaur egun, liburutegi zerbitzua behar bezala eskaintzeko kutxak, mahaitxoak, pufak... erosteko aukera eman digute eta orain guztia osatzeko LAGA Biblioneta iritsi da». 300 libururentzat tokia du ibilgailu berriak, baina liburuez gain, zerbitzu bat ere joan-etorrian dabilela nabarmendu nahi izan du: «liburu maileguaz gain, eskolara sartu eta irakurzaletasuna sustatzeko hainbat jarduera ere egiten ditugu».
Asun Maestro Nafarroako Liburutegi Sare Nagusiko ordezkariak kulturaren garrantzia azpimarratu eta «edozein pertsonak, edozein tokitan, nahi duen liburua eskuratzeko aukera izan behar lukela» aldarrikatu du.
Igaro Balda Aresoko Udaleko ordezkariak, Liburutegi Ibiltariak herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du:«Liburutegi Ibiltariak herrian berez eskura ez dugun zerbitzu bat ematen digu. Behar bati erantzuten dio eta eskolatik haratago, herritar guztiak animatu nahi nituzke zerbitzu hau erabiltzera».
Dabid Anaut Leitzako alkateak ere aipatu du albiste ona dela zerbitzua modu egonkor eta iraunkorrean zabaltzeko aukera izatea: «are gehiago zerbitzu hori kulturarekin lotura duela jakinda». Eskerrak ere eman nahi izan ditu: «eskerrak ekimen hau abiatu dutenei eta langileei. Ahalegin osoa egin dutelako Liburutegi Ibiltaria martxan jarri eta zerbitzu ona eskaintzeko. Baita Nafarroako Parlamentuari dirulaguntza onartzeagatik eta Nafarroko Gobernuko ordezkariei laguntza kudeatu eta zerbitzua martxan jartzen laguntzeagatik». Gainera, herrien «arteko loturak indartzeko beste urrats garrantzitsua» izan daitekeela nabarmendu du.
Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo Kontseilariak liburutegiek «herriei bizitza» ematen diela azpimarratu du eta horretarako «liburuak ahalik eta tokirik gehienetara iristeko baliabideak» eskaini behar dituztela. LAGA Biblionetak Goizueta, Arano eta Areson eskainiko du zerbitzua hamabostean behin.