Mikel Portu Barinaga-Rementeria (baxua), Aimar Azpirotz Erbiti (gitarra liderra), Etor Lizarraga Bigera (bateria), Kattalin Lizarraga Mendia (abeslaria) eta Beñat Portu Barinaga-Rementeria (Gitarra erritmikoa) leitzarrak Lenbailen musika taldeko kideak. Hamasei urte dituzte eta Larbandoko lokalean ari dira ametsei pixkanaka itxura ematen. Martxoaren 15ean Leitzako Atekabeltz gaztetxean eman zuten jendaurreko lehenbiziko kontzertua eta oholtza gaineko lurrikara sentituta, gehiagorako gosez dira.
Taldearen sorrera
Pasa den ikasturtean, eskolako errekreo garaian, lagunartean jotako lehenbiziko akordeak izan ziren taldea sortzeko abiapuntua: «errekreo garaian denbora nolabait pasa behar eta Beñat, Aimar, Etor eta Aldazko beste gazte bat elkartzen hasi ginen musika jotzeko. Ez genuen talde bat sortzea edo horrelako helburu zehatzik; lagunartean musika jo eta ongi pasatzea baino ez». Musikako irakasleak musikarako dohainak ikusi zizkien nonbait eta aurrera egiteko behar zuten bultzada eman zien: «musikako irakasleak esan zigun herriko hainbat musikari Larbandon, garai bateko futbol zelaiko aldageletan, elkartzen zirela entseguak egiteko eta musika ekipo ona zegoela. Guretzat tokirik ba ote zegoen galdetu eta baietz esan ziguten».
Gitarra erritmikoa, gitarra liderra eta bateria jotzailea bazituzten, baina baxu jotzailea eta abeslaria falta: «herriko festetan, txosnan trago bat hartzen ari ginela gonbidapena egin genien Mikeli eta Kattalini eta baiezkoa erantzun zuten biek». Mikelek azaldu du hutsetik hasi behar izan zuela ikasten: «nik ez nekien baxua jotzen eta ikasteko prest ote nengoen galdetu zidaten. Kurkuma taldeko Maitane Villabona leitzarrak utzitako baxuarekin eta anplifikadorearekin hasi nintzen ikasten».
Lehenbiziko pausoak
Abuztuan sortu zuten taldea eta irailean egin zituzten aurreneko entseguak Larbandon. Hasiera nahiko kaotikoa izan zela aitortu dute: «bakoitza ahal zenean etortzen zen, entsegu egun zehatzik jarri gabe, baina ikusi genuen horrela denok elkartzea ezinezkoa zela». Horregatik, taldearekin aurrera segitzeko apustua egin eta ongi antolatzea erabaki zuten: «hitz egin genuen bakoitzaren ordutegiaz, pare bat egun finkatu genituen eta konpromisoa hartu». Handik gutxira jaso zuten aurreneko kontzertua emateko proposamena: «martxoaren 15ean Leitzan Independentzia Eguna antolatzen ari zen Ernai eta bertan jotzeko talde hasiberri berri baten bila ari ziren. Animatzen ote ginen galdetu eta bi aldiz pentsatu gabe baietz esan genuen». Barre artean aitortu dute baiezkoa eman zutenean, «kanta askorik jotzen» ez zekitela.
Beraz, helburu nagusia kontzerturako errepertorio txukun bat osatzea zen: «kontzertua antolatzen hasi ginen eta ikusi genuen ez genuela denbora nahikoa gure kanta propioak sortzeko. Horregatik, zortzi bat abesti hartu eta bertsioak egitea pentsatu genuen». Zer jo adosteko, denen iritzia kontuan hartu nahi izan zuten: «nahiko erraz adostu genuen zer jo behar genuen. Zerrenda bat egin genuen hasieran, bakoitzak proposamen bat ekarri zuen etxetik eta gero denon artean erabaki genuen». Azkenean, «Berri txarrak, Latzen, Herdoil... musika taldeen bertsioak» prestatu zituzten.
«Hainbat estilo probatuko ditugu gurea topatu arte»
Taldeari izena jartzea zen hurrengo pausoa eta onartu dute nahi baino gehiago kosta zitzaiela: «taldea osatu genuenetik bagenekien izen bat behar genuela eta horri makina bat buelta eman genizkion». Bada, kontzerturako proposamena egin zietenean etorri ziren presak, «Independentzia Eguneko kartela egin beharra zuten eta han izenen bat jarri behar zen». Behin baino gehiagotan elkartu ziren izena erabakitzeko, «bakoitzak bere proposamena ekarri zuen, baina ez genuen gustuko ezer lortzen». Gutxien espero zuten momentuan ikusi zuten argia: «etxera bidean gindoazen, entsegutik bueltan eta oso kanta gutxi ziren jotzen genekizkienak. Taldekide batek esan zuen: 'lehenbailehen ikasi behar ditugu kanta gehiago'. Elkarri begira geratu ginen eta esan zidan, zeinen izen ona. Lehenbailehen». Hurrengo egunean lokalean komentatu, besteei gustatu eta horrelaxe gelditu da izena: «Lenbailen, h-rik gabe, bestela oso luzea gelditzen zelako».
Jendaurrean
Leitzako Atekabeltz gaztetxean eskaini zuten lehenbiziko kontzertua eta erronka bezainbesteko oparia izan zela diote: «gure herrian jotzeko aukera izatea motibazio handia izan da guretzat, baina urduritasuna ere eragiten zigun». Martxoaren 15ean, igo ziren Atekabeltz gaztetxeko oholtzara eta hasierako kezkak alde batera utzita, asko gozatu zuten: «giro goxoan, gure herrian, lagunen aurrean.. eman genuen aurreneko kontzertua. Hasi aurretik dardarka genuen gorputz osoa, baina behin oholtzara igota beste guztia alde batera utzi eta oso gustura egon ginen». Eskertuta daude izan zuten harrerarekin: «oso publiko ona izan genuen. Lagun pila bat joan ziren gu ikustera eta hasieratik oso babestuta sentitu ginen».
Hazten joateko nahia
Gazteak dira, hamasei urte baino ez dituzte, eta etorkizunean musikari lotuta segitzeko ilusioa dute: «taldea sortu genuenean ilusio handia genuen eta kontzertuen ondoren, are gehiago. Ikusi dugu denoi asko gustatu zaigula oholtzako esperientzia hori eta gure abestiak sortu eta jotzeko ilusioa dugu».
«Gure abestiak sortu eta jotzeko ilusioa dugu»
Ez daude bakarrik bidean: «Larbandon beste musikariekin egoteko aukera dugu eta asko laguntzen digute: ekipoa utziz, aholkuak emanez... ». Sodade taldeko Gaizka Leitzak eskaini dien laguntza nabarmendu nahi izan dute: «irakasle lana egiten ari zaigu: bideratzen, laguntzen, erakusten… kontzertuetan teknikari lanak egin eta egiten duena esplikatu digu. Egitea bakarrik ez, egindako hori nola eta zergatik egiten den erakustea eskertzekoa da».
Talde bezala hasten ari dira eta argi dute bideak erakutsiko diela zein norabide hartuko duten: «denborak esanen du. Kontzertu gehiago lortu eta talde bezala hazten segi nahi dugu». Orain erreferente desberdinak hartu eta hainbat estilo probatuko ditugu, gurea topatu arte». Sorkuntzari ere eskaini nahi diote denbora: «bertsioak joz hasi gara eta orain, abestiak egiten ikastea tokatzen zaigu. Eta nondik hasten da? Inork ez dizu horretan erakusten. Probatu eta probatu, hori da bidea».
Gaur gaurkoz, «ahalik eta kontzertu gehien lortzea» da beraien helburua: «hori da ikasteko modu bakarra». Horretarako aukerak behar dira: «norbaitek gugan konfiantza izan eta ateak irekitzea». Emaitzak ez dira lehenbailehen etorriko, baina bidea urratzeko saiakera behintzat eginen dute Lenbailen taldeko kideek.