Aniztasun astea ospatuko dute Leitzan apirilaren 12tik aurrera

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 11a, 13:30

Aniztasun funtzionala izanen da aurtengo gaia.

Larunbatean, 12:00etan, ginkana inklusiboa prestatuko dute Leitzako plazan. 

Duela urte batzuk hasi zen Erlea Eskola Aniztasun Astea antolatzen. Gizartean dagoen aniztasuna erakutsiz, gai bat lantzen dute urtero eta aurtengoan, aniztasun funtzionalean jarriko dute begirada.

Lanketa hau ez da eskolara mugatuko, LHL ekimenak duela bi urte bat egin zuen Aniztasun Astearekin eta Itzaire Haur Eskolak, Amazabal Institutuak eta Okille tailerrak ere gaia landuko dute datozten egunetan. Apirilaren 14an, 15ean eta 16an aniztasun funtzionalarekin lotura duten ekintzak eginen dituzte.

Aurretik, apirilaren 12an, ginkana inklusiboa prestatuko dute herriko plazan. Eguerdiko hamabietatik aurrera, besteen azalean jarri eta inklusio ariketa egiteko aukera izanen dute herritar guztiek. Haur, gazte zein helduei egin diete bertaratzeko proposamena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun