Leitzako Plazako Pilota Txapelketan izena emateko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 10a, 19:00

Plazako Pilota Txapelketako finala 2023 urtean. (Argazkiak: Gereño)

Pilota hotsak adituko dira, berriz ere, herriko plazan. Aurrera Elkarteak antolatutako Plazako Pilota Txapelketa hastear da.  32. edizioa izanen da aurtengoa eta izena emateko epea ireki dute.

Hamabost urtetik gorakoek parte hartu dezakete eta pilota goxoarekin jokatuko dituzte partidak. Txapelketa, ongi bidean, maiatzean hasiko da eta urtero bezala festen atarian jokatuko dute finala. Kanporaketako partidak noiz izanen diren aurrerago jakinaraziko dute, izena ematen duten pilotari kopuruaren arabera erabakiko dutelako zein formatutan jokatuko duten txapelketa. Parte hartu nahi duten pilotariek Plaza aseguru etxean eman beharko dute izena apirilaren 25a baino lehen eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko dituzte.

Iaz, hamasei bikotek parte hartu zuten txapelketan eta Hegoi Txoperena eta Luken Kasares izan ziren irabazleak, Janitz Sagastibeltza eta Ibai Bengoetxearen aurkako finala irabazita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun